Durangoko San Fausto jaiak

“Durangoko jaietako gauzarik garrantzitsuenak ipini gura nituen kartelean, berezienak”

Anboto 2023ko urr. 8a, 10:20

Aurten, durangar baten lanak iragarriko ditu San Fausto jaiak. Lehiaketara aurkezturiko 28 proposamenetatik zazpi aukeratu zituen Jai Batzordeko epaimahaiak, eta azken berba herritarrek izan dute, bozketa publiko baten bitartez. Jasoriko 365 botoetatik ia erdiak (173) Oier Gamizen ‘Esfera’ izeneko kartelarentzat izan dira. Jai egun hauetan, durangarrak herriko txoko guztietan ikusiko du bere sormen lana.

Durangoko San Fausto jaietako kartel lehiaketa irabazi duzu. Durangarra izanik, zer suposatzen du horrek zuretzat?
Egia esan, hasieran sinistu ere ez nuen egiten. Niretzat ohore bat da lehiaketa hau irabaztea. Durangarra izanik, gainera, izugarria da. Oso pozik nago. Irabazlea nintzela jakin nuen egunean ere esan nuen, eta berriro diot, oso eskertuta nago. Eskerrak eman gura dizkiet botoa eman duten guztiei. 

Ez da San Fausto jaietako kartel lehiaketara aurkezten zaren lehenengo aldia.
Ez, bigarren aldia da. Iaz parte hartu nuen lehenengoz, eta bigarren geratu nintzen. Eta aurten, Durangokora aurkezteaz gainera, Zaldibarko lehiaketara ere aurkeztu naiz. Zaldibarkoan ere bigarren geratu naiz. 

Zelan bururatu zitzaizun kartel lehiaketetara apuntatzen hastea?
Betidanik marraztu izan dut eta diseinua ere asko gustatu izan zait. Ikus-entzunezko goi mailako gradua ikasi nuen eta, azken batean, dena erlazionatuta dago. Egun batean marrazten hasi nintzen, eta ikusita kartel lehiaketak daudela, probatzea erabaki nuen. Dena apur bat hortik etorri dela esango nuke. 

Zelakoa izan da kartela egiteko prozesua? Hasieratik argi zenituen ideiak?
Prozesua luzea izan da, oso luzea. Eta ez, hasieratik ez nuen argi zer islatu gura nuen. Ideia guztiz ezberdin bat nuen, baina gero, beste hau irten zen. Orria hartu eta irudikatzen hasten naiz, moldatzen. Eta apurka-apurka hortik irteten da nire lana. Ez dut bozetorik izaten. 

Abendutik buruan neukan zerbait izan da, eta apurka-apurka garatzen joan naiz, aldaketak egiten. Horrek denbora eskatzen du eta prozesua luzea izan da, bai, oso luzea.

Gustura geratu zara egindako lanagaz eta azken emaitzagaz?
Bai, pozik geratu naiz egindako lanagaz. Gura nituen ideiak sartu ditut eta nahiko ondo geratu dela esango nuke. 

Zer ideia islatu gura zenituen 'Esfera' kartelean?
Durangoko San Fausto jaietako elementurik eta osagairik garrantzitsuenak ipini gura nituen, berezienak. Hau da, artopilak eta Zezenak Dira, besteak beste. 

Horrelako lehiaketak esperientzia positiboak iruditzen zaizkizu? Jendea parte hartzera animatuko zenuke?
Bai, esperientzia positiboak dira. Horrelako lehiaketek oso aukera politak ematen dituzte, eta denak animatuko nituzke. 

Durangarra izanda, seguru ibiliko zarena San Fausto jaietan. 
Jakina! Kuadrillako lagunekin irtengo naiz. Eta, betiko lez, ondo pasatzera eta disfrutatzera irtengo gara.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!