Patricia Laisekak Durangoko Aramotz auzoan ateratako argazkiak batu ditu erakusketa honetan. Argazki erakusketagaz memoria historikoaren garrantzia aldarrikatzen du Laiseka argazkilari durangarrak. "Biziz, kulturaz eta batez ere, gizatasunez beteriko auzoa dela aldarrikatzen dut", azaldu du. "Auzoa zer den, eta zer izan zen ahaztu ez dadin, bizirik dirauten negozio bakarrak erakutsi gura izan ditut. Obra hau museoan erakustea opari bat da, zirkulua ixteko modu bat, hiribilduko bizilagunek, baina batez ere auzokoek, duela urt ebatzuk auzoa nola zegoen ikusteko aukera izatea, artea beti partekatzen delako, ez lukeelako zentzurik izango hau egitea eta estudioan gordetzea. Arteak gogoeta eragiten du, emozioak sortzen ditu eta balioa ematen du beti".
Jon Sergio Astarloa Kulturgintzako presidenteak une honetan bi durangarren erakusketak egotea azpimarratu du. "Une honetan bi durangarren lanak daude ikusgai museoan, Patricia Laisekaren argazkiak eta Jaime Vicarioren margoak; gure udalerriaren aberastasun kulturalaren eta kalitatearen erakusgarri da".