[BIDEOA]: Katering zerbitzuetako langileek grebak hasi dituzte hitzarmena eguneratzea eskatzeko

Ekaitz Herrera 2023ko urr. 4a, 13:47

Ikastetxe, fabrika eta egoitzetan jantoki zerbitzua eskaintzeaz arduratzen diren langileek Ezkurdin egin dute protesta eguerdi honetan.

Bizkaiko ostalaritzako beharginak mobilizazioekin hasi dira berriro, lan hitzarmena berritzea eskatzeko. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute protestetara, euren esanetan 2020tik hona soldatak eguneratu barik daudelako: "Espainiako Estatistika Institutuaren esanetan, kontuak argiak dira: Bizkaian KPIa %16,9 igo da 2020ko urtarriletik; hotel, kafetegi eta jatetxeetako prezioen igoera %17,9koa izan da. Eta soldataren igoera %0 izan da", diote. Ostalaritzako patronalari negoziazioak "blokeatzea" egotzi diote.

Egoerak ostalaritzaren sektorean barneratutako atal biri eragiten die. Batetik, tabernei, jatetxeei eta hotelei. Eta bestetik, ikastetxeetan, fabriketan, ospitaleetan zein egoitzetan jantoki zerbitzua eskaintzen duten langileei. Hain zuzen ere, azken atal honetako beharginak batu dira eguerdi honetan, Ezkurdin, protesta egiteko. Ostalaritzako hitzarmenaren barruan egiten dute lan, baina "kolektibitateari begirako hitzarmen propio bat" izatea gura dute. Bertaratuen artean egon dira, besteak beste, Kurutziaga, Ibaizabal, Jesuitak eta Nevers ikastetxeetako; Aludium, Gestamp eta Smurfit enpresetako, eta Barandiaran egoitzan katering zerbitzua eskaintzen duten langileak.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aurreratu dutenez, negoziaketek fruiturik ematen ez badute, grebek urriaren 11n eta 12an izango dute segida. Egoerak 25.000 bat langileri eragiten die Bizkai osoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!