Durangoko kiroldegiek monitoreek gidatutako jarduerak berreskuratu dituzte

Anboto 2023ko urr. 3a, 10:55

Udalaren esanetan, Durango Kirolak "normaltasunera" bueltatu da, zazpi hilabeteko greba eta gero.

Azpikontrataturiko langileen greba amaituta, Durango Kirolak "normaltasunera" bueltatu da, udalaren berbetan. Fitness aretoko zerbitzura monitoreen presentzia bueltatu da, eta monitoreek gidaturiko kirol jarduerak martxan daude ostera ere.

Bestalde, udalak hainbat argibide eman du otsailetik hona, grebak hasi zirenetik hona, kirol jardueretan izena emanda zeudenei begira. Greba aldian altan mantendu diren herritarrek zeukaten plazari eutsiko diote. Ordainketa banketxean helbideratuta dutenei, urriaren erdialdetik aurrera kobratuko zaie zerbitzua. Ordainketa helbideratu barik dutenek, berriz, ordainketa egin beharko dute, zeukaten plazari eutsi ahal izateko. Urriaren 15era arteko epea izango dute horretarako. Landako I edo II kiroldegietako harrera gunera jo beharko dute ordainketak egitera.

Monitoreek gidaturiko jardueren artean spinbike, pilates, hipopilates, bodyweight eta multikirola daude. Ordutegi guztiak eta eskaintza osoa durangokirolak.net atarian kontsultatu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!