Trafikoa berrantolatzeko biribilgune txiki bat ipiniko dute Larrasoloetan

Anboto 2023ko ira. 28a, 13:28

Biribilgune berria Birjinoste urbanizatzeko lanak amaitzean ipiniko dute, Larrasoloeta eta Santasusanoste kaleek bat egiten duen lekuan.

Durangoko Udalak aldaketa puntual bat egingo du arau subsidiarioetan, Larrasoloeta inguruko trafikoa berrantolatu ahal izateko. Esku hartze horri eskerrak biribilgune txiki bat ipiniko dute Larrasoloetak eta Santasusanostek bat egiten duten lekuan. Horretarako, baina, Birjinoste urbanizatzeko lanak amaitu beharko dituzte lehenik.

Hasiera bateko proiektuak ONA enpresaren eraikin zaharra botatzea eta bertan errotonda handi bat kokatzea aurreikusten zuen. Baina horrek "kostu ekonomiko eta sozial handia" eta "kutsadura" eragingo dituela iritzita, udalak proiektua aldatzea eta biribilgune txikiago bat atontzea erabaki du. "Errotonda hori egokia da garapen iraunkorra sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki baliabideen eraikuntzari eta eraikuntza eraginkorragoari eta hondakinen kudeaketari dagokienez", adierazi dute udal iturriek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!