25-30 emakume dituzte, iaz baino hamar bat gehiago. Batzuk errugbira bueltatu dira parentesi baten ondoren, eta beste batzuek lehenengoz probatuko dute kirol hau. Bigarren hori da Saioa Alarciaren (Durango, 2006) eta Naia Sanchezen (Durango, 2006) kasua. Alarcia saskibaloian aritu da urte askoan, eta Sanchez eskubaloian, eta bientzat kirol berria da errugbia. DRTk 16 urtetik gora talde bakarra duenez emakumeetan, zuzenean lehenengo taldera batu dira biak.
Alarcia aurretik ere egon da tentatuta errugbia probatzera. "Bere sasoian, saskibaloian hartu ez banindute, errugbia probatzea pentsatuta neukan, baina hartu egin ninduten. Harrezkero hiru urte joan dira. Saskibaloiak ez ninduen hainbeste motibatzen, eta kirol berri bat probatu gura nuen", azaldu du. Sanchezek ere "etapa berri bat" hasi gura zuen, zazpi urtean eskubaloian ibili ostean. "Nire ahizpa errugbian dabil. DRTn giro ona dagoela esan zidan eta kirol hau probatzea gomendatu zidan", esan du.
Orain arte bizitakoagaz ez dute kexarik. "Oso giro ona" aurkitu dute taldean, eta "gustura" dabiltza. Hori bai, argi dute asko dutela ikasteko. "Astiro-astiro ikasten joatea dugu helburu. Arau asko dago. Gainera, kirol teknikoa da eta oraingoz horixe egiten zaigu gatxena: teknika barneratzea. Bestela, kontaktu askoko kirola ere bada, baina hori bagenekien taldera batu aurretik eta horrek ez gaitu arduratzen".
Liga hasierak
DRTko emakumeek Iruñea RC taldearen kontra hasi behar zuten Euskal Ligako denboraldia asteburu honetan, baina atzeratu egin dute partidua, iruindarrek hala eskatuta. Bestalde, DRTko gizonek Eibar taldea hartuko dute Arripausuetan, zapatuan, 16:00etan.
Elorrio Rugby Taldeari dagokionez, emakumeen Elorrio/Urgozo taldeak Zornotzan hasiko du denboraldia, domekan, 11:00etan. Eta gizonen Betsaide-Elorrio taldeak Arrasaten ekingo dio denboraldiari, zapatu arratsaldean.