Plateruenaren kanpoaldea 17 arropa saltokiren erakusleiho izango da Durango Fashion Gauean

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 26a, 14:01

Eguerdi honetan Durango Fashion Gaua aurkeztu dute. Bertan egon dira Dendak Bai, dendariak eta udal arduradunak.

Durangoko eta eskualdeko 71 herritar udazken-negu denboraldiko arropa bilduma berria erakusteko modelo lanetan ibiliko dira Dendak Baiko dendarien eskutik. Desfilea bariku honetan bertan egingo dute, Plateruena aurrealdean, iluntzeko 20:30ean.

Argi fokuak isiotu eta musika martxan ipintzea baino ez da falta. Dendak Baik prest dauka Durango Fashion Gauaren seigarren edizioa. Irailaren 29an egingo dute, bariku honetan bertan, iluntzeko 20:30ean. Ohi bezala, herritarrak izango dira alfonbra gainean desfilatuko dutenak. Eta ohi bezala, Durangoko arropa denden bilduma berriak izango dituzte soinean, erakusgarri. Baina, aurten, berrikuntzak ere badira. Bestelako kokalekua emango diote Fashion Gauari. Plateruena kanpoaldean egingo dute. Eta euria balitz, Plateruena barrualdean. "Herriko beste ingurune bat potentziatu gura dugu leku aldaketagaz", esan du Alex Palacios Dendak Baiko arduradunak. "Gainera, desfileak, arropa bildumak erakusteko bakarrik barik, Durangoko dendarien kemena erakusteko ere balioko du", gaineratu du. Bestalde, Aine dendako Maria Oarbeaskoak, galari buruzko xehetasunak eman ditu: "adin guztiei begirako arropa bildumak egongo dira ikusgai. Arropak zein osagarriak. Helduei begirako bost look, eta umeei begirako beste sei". Guztira 71 herritar egongo dira desfilatzen.

Horrez gainera, L'Atelier dantza eskolako kideen emanaldiaz ere gozatu ahalko da galan zehar. Dantza bi eskainiko dituzte. "Klasikoa bat, eta modernoa bestea". Gala gidatzeaz Yolanda Alzola eta Zigor Iturrieta telebista aurkezleak arduratuko dira.

Zozketak

Egunotan, Dendak Baik 100 euroko balioa duten bost bonu zozkatuko ditu erosketak herriko komertzioetan egiten dituztenen artean. Zozketetan parte hartzeko Fashion Gauaren karteletan ageri den QR kodea eskaneatu, eta irekitzen den web atariko inprimakia bete beharko da. Bertan, irailaren 1etik 30era artean egiten diren erosketa tiketen argazkiak erantsi beharko dira. 

Durangoko Udalak "erabateko babesa" eskaini dio Fashion Gauaren egitasmoari. Jesica Ruiz alkateorde eta komertzio zinegotziak azaldu du "lankidetza estua" izan gura dutela komertzioekin. "Beharrezkoak zarete gure kaleak bizirik mantentzeko; are gehiago Durango lako zerbitzu herri batean", azaldu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!