Durangoko kultur, kirol eta giza arloan lanean diharduten elkarte eta pertsonen lana aitortzeko asmoz, ‘Durango Sariak’ antolatu du Durangoko Udalak bigarren urtez. Sari hauek azaroaren 3an San Agustin Kulturgunean ospatuko den gala batean eskainiko dira, horretarako sarien irabazleen aukeraketa herrikoia abiarazi da.
Asier Perugorria partaidetzako zinegotziak azaldu duenez, "durangarrek proposamenak egiteko aukera izan duten aldi baten ondoren, orain fase berri bat ireki da, non kirol eta kultur arloan nabarmentzen den pertsona edo kluba aukera dezakegun".
Uztailaren 22tik irailaren 18ra bitartean, 30 kirol-, giza eta gizarte-proposamen aurkeztu ziren guztira. Horien artean, epaimahaiak honako kategoria hauetarako hautagaiak aukeratu ditu: kirolari indibidualari, kirol elkarteari, kultur eragileari, kultur elkarteari eta giza arloko elkarteari emandako Durango Sariak, eta sari berezia.
Orain, durangarren txanda da, eta irailaren 30era arte izango dute aukera hautagai gogokoena aukeratzeko, partehartu.durango.eus/ webgunean.
• Kirol arloan nabarmentzen den pertsona edo erakundea. Hauek dira hautagaiak:
- Jone Aizpurua (Triatloilaria).
- June Arbeo (Atleta).
- Pedro Mari Garita (Zestalaria).
• Kultura arloan nabarmentzen den pertsona edo erakundea. Hauek dira hautagaiak:
- Oiane Azkonizaga (Dantzaria).
- Juanan Aroma (Txistularia).
- Kriskitin Dantza Taldea.