Durango Rugby Taldeak antolaturiko Durango Neskak Rugby Txapelketak laugarren aldia egingo du zapatu honetan. 2017an sortu zuten txapelketa, urte birik behin egiteko asmoagaz, baina iaz harrera ona izan zuela ikusita, aurten ere antolatzera animatu dira eta aurrerantzean urteroko ekimen bihurtu gura dute. Sarriago izatea nesken taldearen "sendotasunaren" erakusle dela uste du Ane Martínez taldeko kapitainak. "Guretzat plazera da txapelketa hau jokatzea", gehitu du. Txapelketa garrantzitsua da, prestaketaren ikuspuntutik ere. Izan ere, hurrengo asteburuan ligak hasiko dituzte eta Durangokoa izango da azkenengo probak egiteko aukera.
Aurtengo aldian bost taldek parte hartuko dute: Durango Rugby Taldeak, Universitario Bilbaok, Gasteizko Gaztedik, Sarako Izarrak eta Neskariansek. Azken hori lehenengo lau taldeetako jokalariek osatuko dute. "Laguntasuna, elkar ezagutza eta, orokorrean, errugbiaren balioak sustatzea da talde horren helburua", adierazi du DRTko Aratz Gallastegik ekimenaren aurkezpenean. Lehenengo partidua 14:30ean hasiko da, eta finala 19:00 inguruan jokatuko dute, Arripausuetako errugbi zelaian.
DRTk badaki etxeko txapelketa irabaztea zer den; 2017an lortu zuen, lehenengo aldian. Ondorengo biak, 2019koa eta 2022koa, Iruñeko La Unicak eta Donostiako Bera Berak irabazi zituzten, hurrenez hurren.