60 urtetik gorakoek %50eko deskontua izaten jarraituko dute Zugaza zinemako operetan

Anboto 2023ko ira. 19a, 09:44

Eguaztenean ikusgai izango den El Oro de Rin operako irudia.

Hurrengo saioa eguazten honetan da 'El Oro del Rin' operarekin.

Nagusiei zinemarako eta musika-kulturarako sarbidea errazteko eta, aldi berean, sektoreari laguntzeko, Durangoko Udalak Zugaza zinemarekin elkarlanean jarraitzen du, udalerriko 60 urtetik gorako pertsonek %50eko deskontua izan dezaten udalerriko Zugaza zinemako operen programazioan sartzeko prezioan. Horien prezioa 9 euro —sarrera aldez aurretik lortuta— edo 11 euro —egunean bertan— da; hala ere, lankidetza honen bidez, bertaratutakoek 4,50 edo 5,50 euro ordaintzen dituzte.

Aldi horretan, adinekoek 26 opera gozatu ahal izan dituzte guztira, batzuk zuzenean eta beste batzuk geroratuta. Orain arte 1.241 adineko pertsona bertaratu dira. Eskaintza ezberdinen artean daude Lizeotik 'Tosca', Vienako Operatik 'Sevillako Bizargina', 'La Traviata' Erromako Koliseotik, 'Mac Beth' Milango Scalatik edo 'Rigoletto' Londresko Royal Opera Housetik, batzuk aipatzearren.

Jesica Ruiz Durangoko alkateordeak ohar batean adierazi duenez, egungo gobernu-taldearentzat "oso garrantzitsua da nagusiei kulturarako sarbidea erraztea, kolektibo horri zuzendutako jarduerak zabalduz; horregatik, horrelako ekimenetan laguntzen jarraituko dugu".

Hurrengo hitzordua asteazken honetan izango da, irailak 20, 20: 15ean. Londresko Royal Opera Housetik zuzenean, 'El Oro Del Rin' ikuskizunagaz gozatu ahalko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!