Andereak elkarteak elkarretaratzera deitu du datorren zapaturako, sexu-esplotazioaren aurkako nazioarteko egunaren harira

Anboto 2023ko ira. 18a, 12:00

Andereak elkarteak egindako elkarretaratze bateko irudia. (Artxiboko irudia)

Talde durangarrak bat egingo du EHFAK Euskal Herriko koordinadora feminista abolizionistaren taldeetako ekitaldiekin.

Andereak indarkeria matxistaren aurkako elkarteak elkarretaratzera deitu du zapatuan —irailak 23— sexu-esplotazioaren, prostituzioaren eta sexu-esplotaziorako salerosketaren aurkako nazioarteko egunean. Deialdia 12:00etan da, Andra Marin.

Talde durangarrak bat egingo du EHFAK Euskal Herriko koordinadora feminista abolizionistaren taldeetako ekitaldiekin, zeintzuek egun eta ordu horietan bertan elkarretaratzeak egingo dituzten Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Andereak elkarteak ohar batean informatu duenez, Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen joan zen astean prostituzioak giza duintasuna urratzen duela adierazteko. "Europako Parlamentuak estatu kideei gomendatu die prostituzioaren eredu abolizionista aplikatzea salerosketarekin amaitzeko; izan ere, prostituzio ia guztia behartua da, eta, nolanahi ere, zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeak, neskak eta mutilak ditu biktimatzat", adierazi dute.

Andereak elkarteak zapatuko ekitaldira batzeko deia egin du "emakumeen aurkako muturreko indarkeria mota horren aurka protesta egiteko". Halaber, "Estatuko Erakunde Abolizionisten Plataformak egindako Prostituzio-sistemaren lege organiko abolizionista (LOASP) onartzea", exijitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!