“Punka, folka eta metala batzen dituen hori izan daiteke grungea; hor nahiko identifikatuta sentitzen gara denok”

Aritz Maldonado 2023ko ira. 18a, 09:30

Nebrashka talde durangarrak Iraungipen datarik gabeko barreak hiru abestiko EPa kaleratu du oraintsu. Laukote legez kaleratu duen lehenengo lana da hau, Markos Agirrek taldea utzi ostean. Egun, Ander Bastida, Alain Asenjo, Txerra González eta Gorka Muñoz dira Nebrashka. Muñozegaz berba egin du ANBOTOk.

Egunsenti konfinatuak entzuterakoan, COVIDak eragindako osasun krisira darama entzulea. Orduan sorturiko abestiak dira?
Nebrashka talde geldoa da, gure erritmoak astiro doaz; seme-alabak ditugu denok eta gauzak zaildu egiten dira. Abestiak pandemia garaikoak dira, apur bat geroagokoak. Markosek taldea utzi zuen hor, guk ere geure gauzak izan genituen... baina hor bizitakoak islatzen dira abestietan. Sortze prozesua beti oinarritu izan dugu bizitakoan, bai Bastiren hitzetan, bai musika doinuetan.

Rocka oinarri, baina zertzelada desberdinak igartzen dira hiru abestietan. Gustura egindako lanagaz?
Galdera gatxa da erantzuteko. Oso gustura gaude egindako lanagaz. Apur bat luzeagoa izatea gustatuko litzaiguke, baina ditugun baliabideekin... Baliabide ekonomikoek ere asko mugatzen gaituzte; ez da berdina 6.000 edo 10.000 euro edukitzea grabaziorako, edo 2.000 euro edo gutxiago. Guk Xanpegaz grabatu dugu [Jose Manuel Sampedro]. Oso hartu-eman ona daukagu beragaz. Bere garaian Rat-zinger taldean aritu zen, eta ni Sermond´sen nenbilenean lagunak egin ginen; horrez gainera, malgutasuna ere badugu beragaz lan egiteko, eta hori oso ondo datorkigu guri. Beste grabazio batzuen etenaldi edo tarteetan grabatu dugu. Soinu aldetik ere gustura gaude, izan ere, berdifinitzen ari gara orain; gitarra bakarra dugu orain, eta horrek beste dimentsio batera eraman du gure soinua. Doinu aldetik, rocka da, bai, baina grunge ukitua ere baduela esango nuke. Azken finean, hor batzen gara taldekiderik gehienok. Batzuk punk rocketik gatoz, beste batzuk rock and roll klasikoago batetik, eta baita metaletik ere. Orduan, punka, folka eta metala batzen diuen hori grungea izan daiteke. Hor nahiko identifikatuta sentitzen gara denok. Baina ez gara estilo bakarrera mugatzen. Abesti batzuek tenpo lasaiagoa dute, beste batzuek abiadura handiagoa, batzuek pop ukitu handiagoa beste batzuek baino.

Laukote legez kaleratzen duzuen lehenengo lana da. Zelan moldatu zarete Markos barik? Eman duzue zuzenekorik laurok bakarrik? 
Laurok bakarrik ez dugu inoiz jo. Markosek beste bizi proiektu batzuk zituen eta bere erabakia errespetatu genuen, jakina. Taldean dolu moduko bat bizi izan genuen. Nik, gainera, pertsonalki asko konpartitu dut beragaz, bai taldekide modura eta baita lagun modura ere. Hainbat rock taldetan jo dugu elkarregaz, Perros del diablo, Tuesday evenings, Yoko Out eta Nebrashka. Dolu hori igarota, taldea berreskuratzeari ekin genion. Nik gitarra albo batera utzi, eta baxua hartu nuen. Beste norbait bilatzea ere pasatu zitzaigun burutik, baina taldearen izaeragaitik eta erritmoengaitik, bagenekien ez zela erraza izango. Niretzat ere erronka bat izan da, baina banuen gogoa baxuagaz saltsan ibiltzeko. Eta, jakina, kalitate aldetik galdu egin dugu, argi eta garbi (barrez), Markosek nik baino askoz ere hobeto jotzen duelako baxua. Martxa hartzea kostatu zait eta horrek ere geldotu egin du taldea. Estilo aldetik ere igarriko dira aldaketak, baxu doinuak sinplifikatu egin ditugu baina punk rock ukitua nabarmenagoa da. Desberdinagoa da. Durangokoa izango da laukote legez emango dugun lehenengo kontzertua.

Urriaren 13an kontzertua emango duzue Durangon, jaietan. Gogotsu?
Bai, jakina. Ez dakizu zelako gogoa dugun kontzertu bat emateko! Urtebetez atzeratu behar izan ditugu gure planak, gainera, Alain aita izan delako berriro. Ia urtebetez hozkailuan eduki behar izan ditugu planak. Hasieran, Plateruenean jotzeko asmoa genuen, baina datak-eta mugitzerakoan, jaietan jotzeko aukera irten zen, eta guretzat aukera polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. Gure lagunen, familien eta gure jendearen aurrean abesti hauek aurkeztea, toki polit batean jotzea, soinu polit bategaz... Iluntze dibertigarri bat pasatzeko aukera itzela da, eta gogo itzela dugu. 

Baduzue beste kontzerturik lotuta?
Oraingoz ez. Hala ere, aurretik esan dudan moduan, gure erritmoa motela da eta ez daukagu presa askorik ere. Orain, batez ere, abestien promozioan zentratuta gaude. Joko ditugunak ondo aukeratuta jotzea gura dugu. Azken finean, ondo pasatuko dugun lekuetan eman gura ditugu kontzertuak, ondo pasatzea delako gure helburua. Orain hasiko gara lanean kontzertu sorta bat lotzeko; Durangaldean ez ezik, kanpoan jotzea gustatuko litzaiguke, Bilbon adibidez, edo Araban, ni Gasteizen bizi naiz-eta urte batzuetatik hona. Sermond's-en garaian Baigorrin eta Kanbon jon genuen, eta horrelakoren bat errepikatzea ondo legoke. Uda ez da garairik onena horrelakoak lotzeko, eta, beraz, orain hasiko gara serioago lanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!