Datorren urriaren 1ean, Nagusien Nazioarteko Egunean, 65 urtetik gorakoen Euskadiko lehenengo topaketa hartuko du Durangoko Landako Guneak. Euskofederpen dago ekimenaren atzean, Bizkaiko Nagusiak, Gipuzkoako Agijupens eta Arabako Las Cuatro Torres elkarteak biltzen dituen federazioa.
Momentuz 700 lagunek eman dute izena, baina 1.000-ko langa gainditzea espero dute. Ildo horretatik, Jose Mari Macias Nagusiak elkarteko kideak gogoratu du ez dela elkarteetako bazkideentzat bakarrik bideratutako ekimena. "Pertsona nagusi denentzako irekia izango da, elkarte baten barruan egon nahiz ez".
Topaketa "gizarte zentruen kohesio sozialerako" tresna moduan alkarrikatu du Euskofederpeneko presidente Felix Elkoroiribek gaurko prentsaurrekoan. "Azkenean pertsona nagusiak biztanleriaren %25 gara eta portzentaia hazten joango da. Beraz, bizitza-luzera beste era batera ulertzen hasi behar dugu. Zergaitik? Gaur eguneko jubilatuek ez dituztelako guk gure sasoian izandako bizipen berak izan eta eurengana ireki behar dugu. Zentroak ezagutzeko aukera eskaini behar diegu eta gurera ekarri", gehitu du.
Mireia Elkororiribe Durango alkateak adierazi du "ohore handia" dela topaketa hartzea eta Durangok kolektibo honen alde egiten duen "apustu irmoaren" erakusgarri dela.
Izen-ematea
Izena ematea nahitaezkoa da autobusak eta luntxa behar bezala kudeatzeko, antolatzaileek azaldu dutenez. Interesdunek dagokien udalerriko gizarte-zentroetan edo lurralde historiko bakoitzeko bulego nagusien bidez eman behar dute izena. Izena emateko data irailaren 22an amaituko da.
Toti Martinez de Lezea egitarauko parte
Mireia Elkoroiribek emango dio hasiera egunari, 11:00etan. Ondoren, nagusien elkarteetako ordezkariek hartuko dute hitza eta adinekoen eskubideak aldarrikatzen dituen manifestua irakurriko dute. Toti Martinez de Lezea idazleak ere parte hartuko du ekimenean, antolatzaileek aurreratu dutenez. Musikarik ere ez da faltako Izar Gaztea abesbatzakoen eskutik. Iñigo Urkullu lehendakariak emango dio amaiera topaketari eta bertaratzen direnentzako luntxa egongo da.
EGITARAUA, 11:00etan hasita
- Dantzariak, txistulariak eta aurreskua.
- Agur instituzionala Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen eskutik.
- Felix Elkoroiribe, EuskoFederpeneko presidentea: 'Sinetsi, hazi eta sortu'.
- Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako elkarteetako ordezkarien berbak.
- Durangoko Izar Gaztea abesbatzaren saioa.
- Durangoko Bizidun eta Izar Gaztea elkarteek manifestua irakurriko dute.
- Toti Martinez de Lezea.
- Ekitaldiaren itxiera Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.
- Luntxa.