Durangoko Kulturalak aurpegi berri askogaz eta iazko emaitzak hobetzeko esperantzagaz ekin dio denboraldiari

Joseba Derteano 2023ko ira. 15a, 12:00

Kulturaleko jokalariak Paduraren kontra sartutako gola ospatzen. Luis Iturrioz

Durangoko Kulturalak ez du espero zuen moduan hasi denboraldia. Joan zen asteburuan bana berdindu zuen etxean, Padura taldearen aurka. Denboraldiaurrean aurkari bera 4-1 mendean hartuta, durangarrek garaipena zuten buruan, baina partidua laster okertu zen, 20. minuturako jokalari bat gutxiagogaz geratu zirelako. Hala ere, markagailuan aurrera hartu eta garaipena esku-eskura izan zuen Kulturalak, baina partiduaren azken hondarrean berdinketaren gola heldu zen.

Denboraldi hasiera dela eta ia partidu osoan bat gutxiagogaz jokatu zutela kontuan hartuta, ez dago ondorio sakonik ateratzerik, baina alderdi positiboen artean hamar jokalarigaz erakutsiriko nortasuna eta ordena nabarmendu daitezke; baita etxekoen gola aurtengo fitxaketetariko batek sartu zuela ere, Unai Arietaleanizbeaskoak. Aurrelari bergararra Lehenengo Mailako partidu batzuk jokaturikoa da, Eibarregaz. Hobetu beharrekoen artean jasotako gola dago, azken minutuan eta txarto defendaturiko estrategia jokaldi batean heldu zena.

Jokalari berriak
Partidua bertatik bertara ikusi zutenak ohartuko ziren Kulturaleko hamaikakoko jokalaririk gehienak berriak zirela. Izan ere, iaztik lau jokalarik baino ez dute jarraitzen: Jon Aspiazuk, Unai Arizmendiarrietak, Jon Lejardik eta Anton Alberdik. Gainerako 15 aurpegiak berriak dira. Pentsatzen zuten baino kopuru handiagoa da, Jon Garai klubeko kirol zuzendariaren berbetan: "Taldea berritu gura genuen, baina ez horrenbeste. Baina mantendu gura genituen bost-sei jokalari beste talde batzuetara joan dira eta espero baino gehiago fitxatu behar izan dugu".  Nobedadeen artean sartu beharrekoa da Garai bera ere. Getxo taldetik etorri den algortarra hasiberria da Kulturaleko kirol zuzendari lanean.

Eskualdeko jokalariak
Talde nagusira batu direnen artean eskualdeko lau jokalari daude. Alde batetik, Markel Areitio atezain durangarra, Lagun Onak taldetik datorrena. 27 urtegaz, esperientzia handiko atezaina da, besteak beste, Eibar taldeagaz Lehenengo Mailan debutaturikoa. Bestalde, Lur Igartiburu elorriarra Erandiotik dator, Bizkaiko Ohorezko Mailatik. Hirugarren Mailan —maila bat gorago— aritzeko gaitasuna duela eta eskuin hegala indartzeko jokalari aproposa dela uste dute. Gainerako jokalari berri biak harrobikoak dira: Asier Imaz eta Pablo Bizkarra. Gazte mailako taldea kategoriaz igo zen iaz denboraldi bikaina eginda, eta harrobira jo dute talde nagusiak postu batzuetan zituen hutsuneak estaltzeko. 

Kuriositate modura, hiru fitxaketa talde beretik egin dituzte, Hirugarren Mailako Pasaia taldetik: Markel Ucin, Jon Sánchez eta Unai Olaizola. "Pasaiak oso denboraldi ona egin zuen iaz, partidu asko ikusi genituen eta argi genuen hiru jokalari horiek ekarri gura genituela", esan dute.

Nobedadea aulkian ere 
Jokalari sorta zabal horren gidari, beste aurpegi berri bat arituko da: Iñaki Garcia zaldibartarra. Aurretik Elorrio, Ondarroako Aurrera eta Getxo taldeetan aritutakoa da. Garaik ondo ezagutzen du Garcia, iaz Getxon aritu ziren biak eta. "Oso ona da taldeak eramaten eta konfiantza osoa dugu berarengan", dio Garaik.

Fitxaketak egiterakoan, taldeari sendotasuna ematea izan dute helburu. "Iazko akatsik handiena erregulartasun falta izan zen. Goi mailako taldeen kontra partidu itzelak jokatu ziren, baina behekoen kontra partidu makalak sarritan. Erregulartasuna lortzeko, jokalari lehiakorrak ekartzen ahalegindu gara", esan du Garaik.

Helburuei dagokienez, gurago du itxaron: "Partiduz partidu joango gara. Abenduan non gauden ikusiko dugu, eta orduan markatuko ditugu helburuak". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!