“Alkoholagaz arazoak dituen norbaiten inguruan zazpi pertsona egon daitezke egoerak kaltetuta”

Ekaitz Herrera 2023ko ira. 15a, 09:06

Aurten 60 urte betetzen dira Al-Anon elkartea Hego Euskal Herrian martxan ipini zenetik. Elkarteak alkoholikoak diren pertsonen familia eta gertukoei laguntzen die. Durangon ere badu egitura. 

Argi uztea komeni da. Alkoholiko Anonimoen elkarteak gaixotasuna daukan pertsonari laguntzea du helburu, alkoholikoari berari. Al-Anon elkarteak, ostera, alkoholikoaren ingurukoei laguntzea du xede, haren senide zein gertukoei. Hain zuzen ere, alkoholismoaren ondorio kaltegarriak ingurukoengana ere zabaltzen direlako. Elkartean batzen direnek bilkura anonimoak egiten dituzte, elkarri entzunda eta enpatia landuta bidean aurrera egiteko. ANBOTO Al-Anon elkarteko kide bategaz batu da Bilbon. Elkartekideak bere identitatea gordetzea erabaki du.

Zergaitik erabaki duzu anonimotasuna gordetzea?
Anonimotasuna gordetzearen arrazoia gure helburu nagusitik ez desbideratzea da, elkarri laguntzetik ez desbideratzea. Anonimotasunari eskerrak, bilkura bat egiten dugun aldiro. Nik ez dakit ondokoa nor den, bere familia zein den, non lan egiten duen, zein klase sozialetakoa den. Kontu horiek ez dute garrantzirik hartzen, eta, horrenbestez, garrantzitsua denak bereganatzen du arreta guztia. Hau da, errekuperatzeak; beste hainbat pertsonagaz batera errekuperatzeak. Eta hori guzti hori anonimotasunak bermatzen du.

Elkarteak 60 urte betetzen ditu Hego Euskal Herrian. Hamarkadarik hamarkada argi utzi duzue alkoholismoak ez diola bakarrik gaixoari eragiten, bere inguruneari ere eragiten diola.
Bai, familia kutsatu egiten da. Alkoholagaz arazoak dituen pertsona baten inguruan zazpi pertsona egon daitezke egoerak kaltetuta.  Eta eragin hori zuzenean zein zeharka jaso daiteke. Jaso dezakete familiako kideek, lankideek, inguru sozial hurbilekoak direnek... Izugarria da. Arazoa duen baten baten gertukoa bazara, hasieran posible da eraginik ez igartzea, beharbada horregaz bizi zarelako. Baina halako batean bai, konturatzen hasten zara. Beharbada txarto lo egingo duzu, kezkatuago egongo zara, edo erlojuari begira egongo zara bera etxera noiz ailegatuko zain. Beharbada bere lantokiko kideengan modu okerrean eragiten hasten dela igarriko duzu, lagun artean ere beste horrenbeste... Horrek guzti horrek familia barruko ertz askotan du eragina. Horretaz guztiaz ohartzea gakoa da errekuperatzen hasteko eta bizitzan aurrera egiteko tresnak hartzeko.

Zeintzuk dira elkartera laguntza eske jotzen dutenen beharrizan nagusiak?
Jendea lur jota etortzen da eta logikoa da. Ni neu, adibidez, oso nekatuta nengoen Al-Anon elkartera joan nintzenean, egoeragaz etsita. Baina, hori bai, ideia argi bategaz joan nintzen: laguntza behar zuena ni neu nintzen. Kontua ez zen nire familiako kide horrek edo lagunen batek, funtsean alkoholikoa den baten batek, laguntza behar zuela. Ez, ez. Laguntza nik neuk behar nuen. Hori oso argi neukan. Ibili nintzen psikologoekin, terapautekin. Horiek guzti horiek oso lagungarriak dira. Bakoitzak beharrezkoa duen eta baliagarria zaion laguntza topatu behar du, izan medikua, izan gimnasioa. Al-Anonen, adibidez, nire arazo berdina partekatzen zuen jendea topatu nuen. Eta arazoa zu lako beste askok partekatzen duela ikusteak egundoko indarra ematen dizu.

Horrek norbera ahalduntzea dakar?
Bai. Sentipen horrek ahaldundu egiten zaitu, jendeak ulertzen zaitu. Horretaz jabetu arte zoratuta nengoela uste nuen. Oso pentsamendu txarrak nituen, oso toxikoak. Erietxe mentalen batean sartu beharko nindutela uste nuen. Eta, halako batean, bilkura batzuetara heldutakoan, konturatzen zara ezetz, ez zaizula ezer ere gertatzen. Gertatzen zaizuna izugarri sufritzen zabiltzala dela, besterik ez. Eta aldi berean konturatzen zara arazoari aurre eginez gero bidean aurrera egin eta gainditu egingo duzula.

Al-Anonen datuen arabera, elkartearen bilkuretan parte hartzen duten %90 emakumeak dira. Alde nabarmena dago gizonen eta emakumeen artean.
Bai. Eta honi erantzunda, automatikoki irteten den galdera honako hau da: “Eta hori, zergaitik?”. Bada, gizartearen ikuspegitik, gizonezko baten alkoholismoa ikusgaiago dagoelako emakumearena baino. Ez naiz medikua, baina iruditzen zait emakume baten alkoholismoa askoz ere ezkutuago dagoela. Etxekoagoa izaten da, ezkutukoagoa, diskretuagoa. Gizonezkoena, ostera, sozialagoa da, irekiagoa nire ustez. Nire esperientziak, behintzat, halantxik diost. Eta hor gizarte ezaugarriak, ezaugarri kulturalak, emakumeei ezarri zaizkien zaintza rolak… sartzen dira. Emakumeoi dagokigunez, oso gatxa da baten baten edanak gugan eragina duela onartzea. Al-Anonen atetik sartzen den emakumeari hasieratik esaten diogu bere senarragaz ezin dugula ezertxo ere egin. Berari lagunduko diogula esaten diogu. Gizonezkoek isilago daramate hau, barrurago. Alkoholagaz arazoak dituztenen eragina berdin-berdin sufritzen dute, baina esango nuke mina isilago daramatela. Gehiago kostatzen zaie onartzea txarto daudela.

Arazoa onartzeak zein zailtasun dauka?
Maite duzun pertsonaren baten edateko ohiturek eragiten dizutenean, ezin duzu miraririk egin. Nik bizitza erdi igaro dut "lagundu behar diot", "alkoholetik irteten lagundu behar diot" pentsatuz, halantxik jokatzen. Ez, ez. Behea jo eta etsi nuen arte. Nik ezin nuen ezertxo ere egin. Asko ahalegindu arren, zure indar guztia ipini arren, zure ondoko hori ez da aldatuko. Gaixorik dago, gaixotasun bat dauka, kito. Distantzia bat hartu behar duzu harekiko. Gatx da azaltzen, baina, zelanbait esateko, maitasunez bada ere, hura emozionalki albo batera uztea dagokizu. Eta ez da bera pikutara bidaltzen zabiltzala, ez, ez. Zelanbait ulertarazi behar diozu asko maite duzula, baina zeure burua babestu behar duzula. Berari uko egin barik, bere arazoari uko egiten zabiltzala ulertarazi behar diozu.

Zelakoa da zuen bilkuren funtzionamendua? Hara doanak zer topatuko du?
Bilerak astero-astero egiten ditugu. Bakoitzak bere esperientzia partekatzen du gainerakoekin. Itxaropena eta kemena partekatzen ditugu. Horrez gainera, Al-Anoneko kideek idatziriko literatura irakurri eta testuak komentatzen ditugu. Horiek dira gure bileren oinarriak. Alkoholiko Anonimoek hamabi pausoko errekuperazio programa darabilte lan tresna modura. Guk ere antzera. Tresna horretan inspiratutako hamabi pausoko programa bat daukagu. Nik neuk, adibidez, bizitzako filosofia baten antzera ulertzen ditut programak. Izan ere, hamabi pauso horiek amaituta, ezer ere ez da amaierara heltzen. Gimnasioaren modukoa  da. Kiroldegira joateko ohitura bertan behera uzten dugu programa bat amaiturikoan? Ez. Programa bat amaitu arren, kiroldegian jarraitzen duzu, hori guzti hori zuretzat onuragarria delako. Bada, hemen ere berdin, aurrera jarraitzen duzu. Gainera, kontuan hartu behar duzu min emozional handia egoten dela eta beti izan ditzakezula gorabeherak.

Elkartean esku hartzen dutenek zein onura igartzen dute?
Nire esperientzia kontatuko dizut. Orain beste pertsona bat naiz. Argi eta garbi diot. Eta nire ingurukoek eta elkarteko kideek ere iritzi hori bera dutela ikusiko duzu. Pertsona lasaiagoa naiz, irribarre egiten dut, lasai arnasten dut. Ez dut etengabe atzera begiratzen. Zerbait gustuko ez badut, ez dut burura etortzen zaidana berehalakoan zakar botako. Arnasa lasai hartu, gogoeta egin eta nire iritzia lasaitasunez ematen dut. Loaldi bakarragaz deskantsatzen naiz eta zoriontsua naiz. Funtsean, oso pozik nago nire bizimoduak hartu duen norabide berriagaz, eta bide horretatik jarraitu gura dut.

Irakurleren batek Al-Anon elkarteagaz hartu-emanetan ipini gura badu, zer egin dezake?
Gugaz hartu-emanetan ipintzeko, lehenengo kontaktua telefonoa izaten da. 611 055 805 telefonoa herritarren zerbitzura dago, deitzeko zein whatsapp mezua idazteko. Gero, laguntza eskatzailea gure errekuperazio taldeetariko batera bideratzen dugu, Bizkaian aktibo ditugun zortzi taldeetariko batera. Hortik aurrera, bere egoeran dauden beste hainbat kidegaz batzen hasiko da astero-astero. Gugana datorrenari sei saioko probaldia egitea proposatzen diogu. Izan ere, behin edo behin joanda bakarrik posible da pentsatzea bilkurek ez dutela eragin positiborik zugan, eta, ondorioz, dena albo batera uztea. Sei saiotara etortzea proposatzen dugu, bilkurak onuragarriak izaten direla ikusteko.

Urriaren 7an ekitalditxo bat egingo duzue Al-Anonek 60 urte bete dituela ospatzeko.
Bai, halantxik da. Gauza hauek ospatu egin behar dira. Al-Anonek 60 urteko bidea beteko du Espainiako estatuan. Egun horretan, Deustuko Bidarte udal aretoan batuko gara, 11:00etan. Ateak zabalik ditugu mundu guztiarentzat. Hori bai, gure telefonoan izena ematea eskertuko genuke. Lagun arteko zerbait izango da. Gure komunitateko jendea, osasun profesionalak, langile sozialak eta Alkoholiko Anonimoetako kideak batuko gara. Alateen elkarteari buruz ere berba egingo dugu. Nerabeei begirako lan ildoa da. Bizkaian ez daukagu nerabeen talderik, baina baten batek beharrizana badu, prest daukagu arreta eskaintzeko egitura. Azken finean, 60. urteurrena gure elkarteari eta gure funtsari ikusgaitasuna emateko modu bat izango da.

Badago gehitu gura zenukeen ezer?
Itxaropen mezua transmititu gura dut. Maite duzun pertsonaren baten edateko ohiturek eragiten dizutenean, oso tunel iluna ikusten duzu, behea jotzen duzu. Bertatik irtengo ez duzula uste duzu. Baina nik konprobatu ahal izan dut zulotik irten daitekeela, eta mezu hori zabaldu gura nuke.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!