Durangoko Mugikortasun Astean energia-eraginkortasunaz kontzientziatzea dute helburu

Anboto 2023ko ira. 14a, 19:00

Mugikortasun Asteko ekimenak antolatzen aritu diren eragileak eta elkarteetako kideak.

Durangon hainbat jolas eta jarduera antolatu dituzte zapatu honetarako —irailak 16— 2023ko Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko.

Aurten, Europako Batzordeak "Eraginkortasun energetikoa" aukeratu du kanpainarako. "Oso konprometituak gaude mugikortasun iraunkorra eta eraginkortasun energetikoarekin, hori dela eta arlo horretan kontzientziazio-kanpainak bultzatzen jarraituko dugu", azaldu du Mireia Elkoroiribe alkateak.

Horretarako, Durangoko Udalak, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean, hainbat jarduera eta tailer antolatu ditu Jose Miel de Barandiaranen, Zumalakarregin eta Ezkurdi parkean. Jarduerak galtzadan zein aparkalekuetan egingo dira, 12:00etatik 15:00etara bitartean.

Zumalakarregiko galtzadan ziklo eta patinekin lotutako jarduerak egongo dira. Txirrindularientzako eta skaterrentzako zirkuituak antolatuko dituzte, besteak beste. Horrez gainera, familiei prestakuntza eskainiko zaie udaleko bizikleta-erreien egungo araudiari buruz.  Jose Miel Barandiaran kaleko aparkalekua, berriz, tailer eta jolas tradizionaletarako prestatuko da.

Trafikoan eragina

Ekimen honek aldaketak eragingo ditu trafikoan 09:00etatik 16:00etara. Ibilgailu motordunei bidea itxiko zaie Sanagustinalde kalera (Galtzareta kalearekiko bidegurutzea), Zumalakarregi kalera eta Jose Miel Barandiaran kalera. Gainera, denbora tarte horretan, taxiak Zumalakarregiko taxi-geltokian barik, Kutxabankek Zumalakarregin duen bulegoaren aurreko aparkalekuan egongo dira. Bertara Montevideo kaletik sartu ahal izango da.

EGITARAUA

  • Jose Miel Barandiaranen:
    - Joko erraldoiak.
    - Eskulanak.
    - Joko tradizionalak.
    - Talo tailerra.
    - Xakea, aldi bereko partidak.
    - Buztingintza.
  • Zumalakarregin eta Ezkurdin:
    - Bike-paint.
    - Skate eta surf-skate.
    - Bidegorri irteera familiarra.
    - Zirkuituak: mountain-bike eta txikien rallya.
    - Mendi igoera bateko igoera birtuala.
    - Bizikleta materialen salmenta.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!