Durangoko San Fausto jaiak

Oier Gamiz durangarrak irabazi du Durangoko jaietako kartel lehiaketa

Anboto 2023ko ira. 14a, 13:43

Oier Gamiz kartel irabazlearekin.

Iaz bigarren geratu ostean aurten irabaztea lortu du bozketa irekiko botoen ia erdiak eskuratuta.

Oier Gamiz 22 urteko durangarraren kartelak iragarriko ditu aurten Durangoko San Fausto jaiak. Aurten 28 proposamen aurkeztu dira lehiaketara. Jai Batzordeko epaimahaiak euretako zazpi aukeratu ditu. Azkenengo hitza herritarrek izan dute, bozketa publiko baten bidez. Jasotako 365 botoetatik ia erdiak (173) Oier Gamizen 'Esfera' izeneko kartelarentzat izan dira.

Kartelean San Fausto jaietako elementuak sartzen saiatu da. "Baranda sartzeari garrantzia eman diot. Oraintsu zuriz pintatu dute eta iruditzen zait orain arte ez dela askorik agertu karteletan". Txupinazoa, Santa Anako arkua, Mikeldiko idoloa… dira karteleko beste osagai batzuk. LGTBI mugimenduari ere egin dio erreferentzia. "Eraso matxista, sexista eta homofobo bako jaiak gura ditugu", adierazi du.

Gamizek ikusentzuneko ikasketak burutu ditu eta iaz hasi zen kartel lehiaketetara aurkezten hobby moduan. 2022an bigarren geratu zen Durangon eta aurten bigarren geratu da Zaldibarko kartel lehiaketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!