"Egunero joaten nintzen Ziritza Bekora, kasik nire etxea izan da"

Joseba Derteano 2023ko ira. 13a, 19:45

Ziritza Bekoa baserria zena (goian), baserria behera botata (behean) eta Maider Arana (eskuman).

Ziritza Bekoa baserri ezaguna zen Durangon, etxearen aurrealdea kolorez janzten zuten loreengatik eta etxaurrean zuen asto formako lorontziagatik. Atzo bota zuten, orube horretan etxebizitzak eraikitzeko. Maider Arana Unamuno durangarrak bere haurtzaroaren zati handi bat igaro zuen baserrian, osaba-izebak "egunero" bisitatuta.

Atzo San Roke auzoko Ziritza Bekoa baserria bota zuten, 'Otxorpo' izenagaz ezagunagoa zena, etorkizunean etxebizitza berriak eraikiko dituztelako inguru horretan. Eta Alberdi familiarena zen baserriagaz batera, hamaika oroitzapen eta irudi ikoniko joango dira. Batek baino gehiagok gogoratuko duelako baserri atarian zegoen asto formako harrizko lorontzia; edo eta askotariko lore motek etxaurreari ematen zioten kolorea. Zenbatek ez ote dute eraman etxera baserriko Karmen Arana Zenikaonandiak mimoz prestatutako lore sorta!

Alberdi familia 100 urte baino gehiagoan bizi izan da Ziritza Bekoan. Hasieran alokairuan eta 1932tik aurrera baserriko jabe moduan. Belaunaldiz belaunaldi, hura izan dute bizitoki orain urte batzuk arte. Duela zortzi urte joan ziren bertatik. Dena dela, ordutik honako denbora tartean etxea ez da bertan behera utzita egon. Baserriko azken bizilagunak, egunero-egunero joan izan direlako loreak ureztatzera edo eta hango katuak elikatzera. 

Maider Arana Unamuno durangarrak bere haurtzaroaren zati handi bat eman zuen bere osaba-izeben baserrian. Etxea bota dutela eta penaz dago: "Atzotik negarrez nago, ez dut ikusi ere egin gura. Lehen Askatasun Etorbidean bizi nintzen eta txiki-txikitatik baserrian egoten nintzen izekorekin. Egunero joaten nintzen hara. Niretzako kasik nire etxea izan da", adierazi du.

Lorontziak eta piboteak 'bizirik' diraute

Baserria behin-betiko joan da, baina baserria ikoniko bihurtu zuten elementu batzuek bizirik jarraituko dute aurrerantzean. Maider Arana Gaubeako Villanañe herrian (Araba) bizi da gaur egun eta hara eraman ditu asto formako lorontzia eta baserri aurrean zeuden piboteak. Orain, horiek berritzeari ekin dio. Baserria apaintzen zuten loreak ere eraman ditu.

Bai. Baserria bota dute. Behin betiko desagertu da. Baina haren oroitzapenek eta hura berezi egin zuten koloreek denbora luzez iraungo dute Maider Aranaren eta durangarren memoria kolektiboan.

Karmen Arana Zenikaonandia hainbeste bider prestatutako lore sorta batekin.

Ziritza Bekoa baserria.

Ziritza Bekoa baserriaren antzinako argazkia.

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!