Durangoko Arkulariak taldeko gazteak Euskadiko txapeldun geratu dira

Anboto 2023ko ira. 13a, 12:03

Bidean kanporaketa estuak gaindituz lortu dute garaipena.

Joan zen zapatuan arku-tiroko Euskadiko txapelketa lehiatu zuten Amurrion. Bertan, itxura guztien aurka, Arkulariak elkarteko gazteak txapeldun geratu ziren taldeka, arku errekurbatuko modalitatean. Ez ziren irabazteko faborito, Euskadiko txapelketa batean lehenengoz parte hartzen zutelako, baina maila bikaina erakutsi zuten. Honako hauek dira taldea osatu zutenak: Adrian Ruiz eta Elisabeth Luengo durangarrak, Maren Uriarte zornotzarra (kadete adina du) eta Peio Duran galdakoztarra.

Bidean kanporaketa estuak gaindutu behar izan zituzten. Esaterako, final laurdenetan berdinketa hausteko geziraino lehiatu behar izan ziren. Azkenean, aurreikuspenak apurtuz, eurak geratu ziren txapeldun. Horrela, Arkulariak elkarteko talde batek bigarren urtez jarraian irabazi du Euskadiko txapelketa arku errekurbatuko modalitatean.

Beteranoen taldea, berriz, bosgarren tokian sailkatu zen Amurrion.

Gazteen taldea.

Arkulariak taldeko kideak Euskadiko txapelketan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!