Andraguneko aurtengo eskaintzak ahalegin berezia egingo du 18 urtetik beherako neskengana heltzeko

Anboto 2023ko ira. 12a, 13:58

Ezkerretik hasita: Jorge Varela eta Carlos Garcia udaleko zinegotziak, Jesica Ruiz udaleko Berdintasun Saileko zinegotzia, Paule Sanchez Berdintasun Kontseiluko burua eta Nagore Uribe-Etxebarria berdintasun dinamizatzailea.

Adin tarte horretara beren beregi bideratutako lau ikastaro antolatu dituzte.

Andragunetik eta Berdintasun Sailetik ikasturte honetarako antolatu dituzten ekintzen berri eman dute gaur, liburutegian eskainitako prentsaurrekoan. "Hainbat elkarterekin elkarlanean, gai, esparru eta adin tarte guztientzako interesgarriak izan daitezkeen ikastaroak landu dituzte",  nabarmendu du Paule Sanchez Berdintasun Kontseiluko buruak.

Aurtengo programa zabalaren barruan, ahalegin berezia egin dute 18 urtetik beherako neskengana heltzeko. Lau ikastaro, beren beregi, adin tarte horretara bideratutakoak dira. "Gazteen artean ezagutzera ematea" eta Andragunea osatzen dutenen "sarea handitzea" dira helburuak Jesica Ruiz Berdintasun Saileko zinegotziak azaldu duenez.

Doako lau ikastaroak euskaraz emango dira eta egun batekoak ala bikoak dira. Azaroaren 11n eta 18an izango den lehenengoak — 'Konektatuta zaude eta ez didazu erantzuten' deiturikoa—, harreman toxikoak eta genero-indarkeria identifikatzeko gakoak eskainiko ditu. Hurrengo biak 2024ko otsailean dira eta 'Autodefentsa feminista' eta 'Hilekoaren zikloa elkarrekin ezagutzen' izeneko gaiak landuko dituzte. Azkenik, apirileko laugarren ikastaroa parkourraren ingurukoa da.

Aurtengo eskaintza osoa hainbat alorretako 25 kurtsok osatzen dute —386 plaza, guztira— eta urritik datorren urteko maiatzera bitartean garatuko dira. Bederatzi kurtso euskaraz dira, 13 gazteleraz eta hiru hizkuntza bietan. Batzuk urterokoak dira eta beste batzuk berriak, hala nola, musika eskolagaz batera antolatu duten 'Emakumeen arteko kantua berreskuratzen' ikastaroa. Tailer hori ahots kantuari lekua eta denbora emateko sortu dute.

Izen-ematea

Kurtsoetan parte hartzeko aurretik izena eman behar da helbide elektronikoaren bidez (andragunea@durango.eus), telefonoz deituta (94 465 70 92) ala presentzialki. Andragunea kokatuta dagoen Lariz Torren obretan daudenez, Bizenta Mogel udal bibliotekan egin daiteke aurrez aurreko izen-ematea. Izena emateko epea irailaren 14tik 27ra bitartekoa da. Emakume bakoitzak hiru ikastarotan eman dezake izena gehienez eta bere aukeren artean lehentasuna adierazi beharko du. Ondoren, ikastaroan tokia lortu dutenei SMS bidez abisatuko zaie eta matrikulatzeko epea urriaren 2tik 6ra artekoa izango da.

Topagunera batzeko deia

Andragunea ikastaroak baino gehiago dela gogoratu eta Topagunera batzeko deia egin dute, emakumeen arteko harreman, esperientzia eta jakin nahiak trukatzeko espaziora, hain zuzen. Topagunearen barruan garatzen dira, hala nola, WikiEmakumeak, irakurketa talde feminista, Emakumeak Korrika Taldea ekimenak.

Ikastaro guztien berri LOTURA HONETAN.

18 URTETIK BEHERAKOENTZAKO IKASTAROAK

  • 'Konektatuta zaude eta ez didazu erantzuten':
    Eguna: Zapatua, 10:00-17:00.
    Egutegia: Azaroak 11 eta 18.
    Bideratzailea: Lucia Camargo Leiva.
    Hizkuntza: Euskara (dohainik).

  • 'Autodefentsa feminista':
    Eguna: Ostirala eta zapatua. Ostirala, 17:00-20:00, eta, zapatua 10:00-19:00.
    Egutegia: Otsailak 2 eta 3.
    Bideratzailea: Ainhoa Al Rifaie Selas.
    Hizkuntza: Euskara (dohainik).

  • 'Hilekoaren zikloa elkarrekin ezagutzen':
    Eguna: Zapatua, 10:00-13:00.
    Egutegia: Otsailak 24.
    Bideratzailea: Ara! Gorputz Kooperatiba Elkarte Txikia.
    Hizkuntza: Euskara (dohainik).

  • 'Parkour ikastaroa':
    Eguna: Zapatua, 11:00-13:00.
    Egutegia: Apirilak 20.
    Bideratzaileak: Lotzen ADD parkour elkartea.
    Hizkuntza: Euskara (dohainik).
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!