Eguenetik domekara goi mailako saskibaloiaz gozatzeko aukera egongo da Landako kiroldegian, emakumeen Euskal Kopako partiduak hartuko dituelako. Hiru talde ibiliko dira lehian: Araski, IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia.
Eguen arratsaldean Araski eta IDK Euskotren taldeek neurtuko dituzte indarrak; zapatu eguerdian, Araski eta Lointek Gernika taldeek eta, domeka eguerdian, IDK Euskotren eta Lointek Gernika taldeek. Azken partidu horren ostean egingo dute sari banaketa. Egueneko eta zapatuko partiduak streaming bidez eskainiko dituzte eta domekakoa ETBk emango du.
"Guretzat aukera bikaina de euskal emakumezkoen saskibaloi talde handiak hartzeko eta emakumeen kirola ikusarazteko", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak gaurko aurkezpenean. Euskadiko Saskibaloi Federazioko Luis Maria Sautuk, berriz, saskibaloiak Durangon duen tradizioa balorean jarri du eta hiru taldeei zorte ona opatu die.
Tabirakoko emakumeen taldeak 50 urte
"Aurtengoa oso denboraldi berezia da guretzat", adierazi du Hilario Perez Tabirakoko presidenteetako batek. Izan ere, aurten 50 urte betetzen dira emakumeen lehenengo taldea sortu zenetik.
Domekako sari banaketan jokalari horietako batek, gutxienez, parte hartuko du, gaur eguneko jokalariren batekin batera. Omenaldia ez egun batera mugatuko. Tabirakok emakumeen kirolari lotutako ekimenak antolatzeko asmoa du denboraldian zehar eta ekimen horietan protagonista izango dira aintzindari izan ziren jokalari horiek.
EUSKAL KOPAKO PARTIDUEN EGUTEGIA
Eguena, 19:00, Landako kiroldegia:
- Araski / IDK Euskotren.
Zapatua, 12:00 Landako kiroldegia:
- Lointek Gernika Bizkaia / Araski.
Domeka, 12:00, Landako kiroldegia:
- IDK Euskotren / Lointek Gernika Bizkaia.