“Gure gorputzagaz, ahotsagaz lan egiten dugu, gu ikusteko sarrera bat ordaindu duen publikoaren aurrean”

Aritz Maldonado 2023ko ira. 9a, 10:00

Paule Mallagarai durangarrak (1997) hiru urte daramatza Madrilen bizi izaten eta lan egiten. Antzerki musikalen gunerik garrantzitsuenetariko bat da eta hori dela-eta garrantzitsua deritzo han egoteari. Irailean 'Una rubia muy legal' antzezlana estreinatuko du. 

Estreinurako gogotsu?
Bai, oso gogotsu. Musikalak izugarrizko arrakasta izan du Broadwayn eta West Enden, eta nahiz eta gurea bertsio italiarra den, publikoak asko gozatuko duela uste dut. Oso komedia dinamikoa da, koreografia eta abesti liluragarriekin, eta obraren mezuak ikuspuntu feminista oso interesgarria gordetzen du. Entsegu prozesuan inoiz baino gehiago nabil barre egiten, izerditan blai amaitzen dugu eguna eta gure esfortzuak fruituak emango ditu, ziur.

Zelakoa da zure pertsonaia?
Nire pertsonaia Brooke Wyndham da, Estatu Batuetako fitness munduko emakume oso famatu bat. Nortasun handikoa da, energia asko transmititzen duena eta bere ingurukoak norberarengan sinestera bultzatzen dituena. Bere senarra hiltzen ahalegintzen dira eta protagonistaren laguntzaz kartzelatik irteten ahaleginduko da, baina prozesua oztopatuko duen itzelezko sekretu bat gordetzen du.

Zeri buruzkoa da obra?
Obrak Elle Woodsen istorioa kontatzen du, bere itxuraz etengabe kezkatuta eta glamourrez inguratuta bizi den Malibuko neska ilehoriarena. Warner, bere mutil-laguna eta senatari dinastia bateko ondorengoa, Harvardera doa zuzenbidea ikastera. Warner-ek Ellegaz duen hartu-emana bertan behera uztea erabakitzen du, ilehoriegia delako. Ellek ez du gura Warner urrundu dadin eta bere xarma eta adimena erabiltzen ditu berak ere Harvarden zuzenbidea ikastea lortzeko. Bertara heltzean, baina, egoera latzagoa da: Warner-ek beste neska bat topatu du, ikaskide eta irakasleek ez dute Elle den modukoa onartzen, eta inork ere ez du berarengan sinesten. Baina esfortzu handiagaz, bere klixea apurtzea lortuko du. 

Zein da zure koreografiarik gustukoena?
Nire koreografiarik gustukoena Crimen parar da, nire pertsonaia aurkezten duena. Bigarren zatia zabaltzen du eta sei minutuz sokasaltoan eta abesten nabil, biak batera. Publikoarentzat oso harrigarria dela uste dut, eta guri begiratzeagaz bakarrik nekatuko direla uste dut. Saltoka ibiltzeak asko zailtzen du arnasketa kontua, eta oso gogor entrenatu gara inork ahaztuko ez duen koreografia hau aurrera ateratzeko. 

'Mamma mia!' musikalean ere aritu zara. Zelako esperientzia izan da?
Oso esperientzia aberasgarria izan da, asko ikasi dut bertan. Egunaren arabera, Sophie protagonistarena egiten nuen, edo Ali eta Lisa pertsonaiena. Publikoa egunero emozionatzen zen gugaz, eta bizitzan jaso ditudan txalorik beroenak jaso ditut bertan. Izugarrizko training-a izan da eta oso ondo prestatu nau Una rubia muy legal  musikal konplexuari aurre egiteko .

Zelan Madril aldetik?
Hiru urte daramatzat bertan bizitzen eta argi daukat oso leku aproposa dela musikaletan aritzeko. Mundu mailan 3. postuan dago, Broadwayren eta West Enden atzetik. Hala ere, pertsona lasaia naiz, naturaz ingururatuta egotea gozatzen duena, eta igartzen dut Euskal Herriko bizimoduaren falta. Etorkizunean Durangon nutrizionista lez lan egiten ikusten dut neure burua. Antzerki musikaletan lan egitea sakrifizioz beteriko bizitza da. Gauero, gure gorputzagaz, ahotsagaz eta sentimenduekin lan egiten dugu, gu ikusteko sarrera bat ordaindu duen publiko baten aurrean, eta batzuetan gatx egiten da ehuneko ehunean egon beharra kudeatzea. Gainera, antzerki musikaleko produkzio erraldoi hauetan oso neurtuta dago dena eta engranaje baten moduan lan egin behar dugu denok.

Dantza, interpretazio eta musika formakuntza duzu. Zeinetan aritzen zara gusturago?
Dantza, kantua eta interpretazioa nire eguneroko lan erremintak dira. 6 urtegaz hasi nintzen dantzan Durangoko L´Atelier eskolan. Bartolome Ertzilla kontserbatorioan biolontxeloa jotzen ikasi nuen eta  Agurtzane Mentxakagaz kantu klaseak jaso ditut. 18 urtegaz Arte Dramatikoa karrera egitera joan nintzen Sevillara, eta Madrilen Central de Cinen ikus-entzunezko interpretazio masterra egin nuen. 

Ahotsagaz maitasun-gorroto hartu-emana dut, ez delako erraza instrumentua erabiltzen ikastea, baina abesteak une politak ere eman dizkit. Inoiz ere ez dut ahaztuko 25 urte egin nituenean Mamma Miako protagonista lez abestean sentitu nuena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!