Lehenengo eta behin, zelan hasi zinen epaile lanetan eta zelan sortu zaizu Vueltan parte hartzeko aukera?
Nire osaba epaile izan zen bere sasoian. Umetan beragaz joaten nintzen lasterketetara eta jakin-mina sartu zitzaidan. Berari eskerrak hasi nintzen. Harrezkero, 24 urte daramatzat epaile lanetan. Pausoz pauso joan naiz, lasterketak eta itzuliak gaindituz, balioa erakutsiz eta apurka igotzen. Esaterako, bost bider aritu naiz Euskal Herriko itzulian. Gabonetan Espainiako epaileen batzordetik deitu zidaten Vueltan arituko nintzela jakinarazteko. Eta pozik nago, azkenean urte askotako ibilbidearen errekonozimendu bat izan da eta.
Zeintzuk dira zure eginkizunak Vueltan?
Vueltan hamahiru epaile gaude, bakoitza bere zereginekin. Esaterako, bat VAR-ean dago, futbolean gertatzen den antzera. Errepidean hiru epaile kotxean doaz eta beste lau motoan. Ni motoan nabil. Igarobide guztiak hartzen ditut: mendikoa, tarteko helmugakoa… Han egoten naiz lehenengo nortzuk igaro diren apuntatzeko eta ondoren puntuak zelan banatu jakiteko. Horretan ez nabilenean, lasterketa kontrolatzea da nire ardura. Esaterako, ihesaldia dagoenean eurekin joaten naiz.
Vueltako lehenengo etapetan ezohiko gauzak gertatu dira. Zuentzat estresagarria izan da?
Vueltako bigarren etapa, batez ere, oso estresagarria eta kaotikoa izan zen, zoramena. Ez dut horrelako egoerarik aurretik ezagutu. Lehenengo aldia izan da.
Lehenengo etapatik hasita, taldekako erlojupekotik. Talde batzuk ilunetan heldu ziren helmugara.
Zerua ilundu egin zen, euria hasi zen… Ni 19:30 inguruan heldu nintzen helmugara eta ilunduta zegoen. Azkenerantz ez zen ezer ere ikusten. Baina ez da hori bakarrik. Beste faktore bat ere bazegoen. Bartzelonan ez zuen euririk egin hiru hilabetean. Ondorioz, zorua koipetuta zegoen, eta oso labainkor. Erorikoak egon ziren eta arriskutsua izan zen.
Horrek guzti horrek zelan eragin zion zuen lanari?
Lehenengo eta behin, pertsonalki eragin zigun, motoan gindoazelako eta guretzat ere arriskutsua zelako. Bestelakoan, antolakuntzari eragin zion batez ere, baina, egoera kontuan hartuta, geuk ere erabaki batzuk hartu behar izan genituen.
Esaterako?
Taldekako erlojupekoan, azken kilometroaren barruan jausten direnei helmugara heltzea lortu duten taldekideen denbora berdina ematen zaie. Eta etapa horretan pare bat eroriko egon ziren azken kilometroan. Talde bat ia osorik jausi zen. Hor lana izan genuen.
Bigarren etapa oraindino konplikatuagoa izan zen. Euriagaitik eta erorikoen arriskuengaitik, sailkapen nagusiari begirako denborak helmuga baino bederatzi kilometro lehenagora aurreratu ziren. Horrek zuzenean eragin zion zuen lanari. Zelan antolatu zineten?
Helmugan teknologiaren laguntza dugu, ailegaera bideoan grabatzen da. Jakina, bederatzi kilometro aurrerago ez geneukan horrelakorik. Hiru epaile joan ginen bertara, tartean ni, eta gure mugikorretako kamerekin grabatu genuen. Eta sailkapen guztia geuk egin genuen, eskuz eta banan banan. Egoera horri beste zailtasun bat gehitu behar zaio. Ziklisten bizikletek txip bat dute eta horrek denbora hartzen laguntzen du. Baina etapa horretako mendate batean txintxetak bota zituzten errepidera, ziklista askok zulatuak izan zituzten eta bizikleta aldatu zuten. Zer esan gura du horrek? Txip asko kotxeen goiko aldean zihoazela, zulatua izandako bizikletetan. Horrek asko zaildu zuen gure lana. Gero, bada birala egin zen bideo bat…
Bai, epaile bat zaletuek mugikorrekin grabatutakoari begira ageri dena, sailkapena osatzeko.
Bai. Azkenean, badakizu, jendeak sareetan denerik ipintzen du, benetan zer gertatu zen jakin edo pentsatu barik. Epaile horrek txarto pasatu zuen horregaitik. Egindako lanari dagokionez, dena ondo irten zen. Ez dugu erreklamazio bakar bat ere izan denboren inguruan.
Gainditutako guztia gaindituta, zer komentatzen duzue epaileon artean? Zelan dago animoa?
Pasatu ditugun egoera horiek gehiago batzeko balio izan digute. Oso giro ona dugu. Epaileetariko asko aurretik ere ezagutzen nituen.
Aurrerantzean zer eskatzen diozu Vueltari?
Normaltasuna. Lasterketa normal joatea. Begira, badago enpresa bat helmugetako denborak hartzen dituena eta bideo-finisha kontrolatzen duena. Bada, asteleheneko etaparen ondoren euretariko bati esan nion: "Gaur zein arin egin duzuen sailkapena!". Eta erantzun zidan: "Arin ez, gaur normal egin dugu".