Markeliñeren 'Carbon club' antzezlanagaz itxiko dute udako kultur programazioa Durangon; 18 urte daramatza biran lan honegaz

Aritz Maldonado 2023ko ira. 1a, 12:00

Markeliñeren 'Carbon club'.

Udako kultur zikloa Markeliñeren Carbon Club klasikoagaz itxiko dute Durangon. Aire librean egiteko prestaturiko ikuskizun hau orain hamazortzi urte estreinatu zuen Markeliñek, baina izandako arrakasta eta aitortzari eskerrak oraindino ere mantentzen dute. 

"Inoiz ere ez da berandu cabaret hau deskubritzeko", diote Markeliñekoek. Carbon clubek meatzarien istorio bat kontatzen du, kabaret formatuan, eta meatzariei egin gura izan dieten omenaldia ere bada. "Gauaren iluntasunak eta ikatzak bat egiten dute hemen; musika hasi eta argiak pizteagaz batera isiotuko dira emozioak, edertasuna eta komikotasuna", azaldu dute. 

Urteotan 200 emanaldi baino gehiago egin dituzte, eta Londreseko Antzoki Nazionalean ere hiru bider programatu dutela nabarmentzen dute antzerki konpainiakoek.

Markeliñe antzerki konpainia Zornotzan sortu zuten, 1987an. Urteotan, hizkuntza propioa garatu du konpainiak, testurik bakoa eta keinuz betea. Sarri joan dira nazioartera euren lanak aurkeztera; besteak beste, Frantzian, Belgikan, Herbehereetan, Austrian, Finlandian, Mexikon, Kolonbian eta Hego Korean egon dira.

Urteurren borobila
Durangoko San Agustin kulturgunea 25 urteko ibilbidea ospatzen ari da aurten. Mende laurdeneko jarduna gogoratu eta indarrak hartzeko, ekitaldi sorta berezia antolatu dute urte osorako. Oraintsu, urtea amaitu bitarteko egitaraua aurkeztu dute. Jon Maya eta Andres Marin dantzarien Yarin da egitarauko ikuskizunetariko bat; dantzari bakoitzaren sustraiak batzetik sorturiko ikuskizun berezia da, euskal kulturaren eta kultura flamenkoaren batuketa. Charo Lopezek Verso a verso plazaratuko du; Lorcaren, Machadoren, Miguel Hernandezen eta Santa Teresa de Jesusen poesiak errezitatuko ditu bertan, Luis Santana baritonoaren eta Jose Maria Berdejo pianistaren laguntzagaz. Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko koordinatzaileak nabarmendu duen beste ekitaldietariko bat San Andreu Jazz bandaren kontzertua da; Joan Chamorrok zuzentzen duen jazz musika banda da hau, 7tik 20 urtera bitarteko gazteek osatzen dutena; emanaldi honetan, Élia Bastida abeslariak kantatuko du, gonbidatu lez. Bestalde, Vanessa Goikoetxea durangarrak emanaldi berezia egingo du; Goikoetxeak emanaldi ugari dauka nazioartean, eta Durangoko emanaldirako tarte bat hartuko du San Agustinen urteurren ekitaldietan parte hartzeko. Rafael Álvarez 'El Brujo' ere Durangora etorriko dela azpimarratu gura izan du Arrazolak; "bere azken hamar urteetako lanaren almagrea da", azaldu du. 

Horiez gainera, ohiko programazioa egongo da San Agustinen. Adibidez, Logela Multimediak Anbotoko Mari ikuskizuna egingo du, Mar mar antzerki konpainiak Arrainak bihotzean, eta Maluta neguko zirkua antolatu dute Ganso & Ciagaz batera. Horrez gainera, Herria auzo elkarteak Imanol oroituz ekitaldia antolatu du urriaren 15erako. Bertan, hainbat artista durangarrek parte hartuko dute; besteak beste, Unai Iturriagak, Joseba Sarrionandiak, Aritz Lasargurenek, Irati Bilbaok eta Ander Ertzillak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!