Ales Petralandaren oroimenezko XI. San Fausto padel txapelketarako izen-ematea bihar abiatuko dute eta irailaren 10era arte egongo da zabalik.
Partidu guztiak Landakoko azpiegituretan jokatu behar dira. Finalaurrekoetara arteko partiduak asteburu batean jokatuko dira modalitate guztietan. Asteburu horretan ez da aldaketarik egingo ordutegietan. Irailaren 15eko asteburuan haur (13-15 urte), gazte (16-18 urte) eta beteranoen partiduak jokatuko dira; irailaren 22ko asteburuan gizonen lehen eta bigarren mailakoak; irailaren 29ko asteburuan emakumeen lehen eta bigarren mailakoak, eta, urriaren 8ko asteburuan kategoria mistokoak eta familiarrenak. Finalaurrekoak eta finalak urriaren 20ko asteburuan izango dira.
Izen-ematea 15 euro da bakoitzeko; 20 euro bakoitzeko, modalitate bitan izena emateko, eta, 25 euro bakoitzeko, hiru modalitatetan izena emateko. Izena ematean, oharren atalean, parte hartzaileek zer ordutan ezin duten jokatu zehaztu dezakete eta Padelzaleak taldeko antolatzaileak ordu horiek errespetatzen saiatuko dira, ohar batean azaldu dutenez. Beste zehaztapen bat: aurreko edizioetan Bigarren Mailako gizonezkoen torneoan finalerdietara heldu den jokalariak lehen mailan izena eman beharko du, txapelketa jokatu nahi badu.
Izen-ematea inforpadelzaleak@gmail.com helbidean egin daiteke. Irabazle eta kontsolazio mailetako txapeldun eta txapeldun ordeentzat egongo dira sariak. Partaide guztiek opari bat jasoko dute.