Orain bost urte sortu zutenetik hona, eskualdeko emakumeei areto futbolean aritzeko aukera eskaintzen die Mendibeltz klubak. Beti ez da erraza izan taldea osatzea. Azken aldian Durangaldean emakumeen taldeen beherakada eman dela diote eta iaz ere zailtasunak izan zituztela jokalari nahikoa batzeko. Aurten egoera berean daude. Zortzi jokalarigaz, lau gehiago behar dituzte hamabira heldu eta denboraldiari bermeekin aurre egiteko. Horregatik areto futbola gustuko duten 15 urtetik gorako —2007a baino lehen jaiotakoak— neskei taldera batzeko gonbita egin die. "Zuen beharra dugu. Ez gara areto futbol talde bat bakarrik, baizik kantxa barruan nahiz handik kanpora momentu onekin gozatzen dugun emakume talde bat gara", azaldu dute ohar batean.
Interesatuek bide bi dituzte klubagaz hartuemanetan jartzeko: Instagram kontura (@mendibeltz KT) mezu bat bidalita ala honako helbide elektronikora idatzita: mendibeltz05@gmail.com.