Bi gizon atxilotu dituzte Durangoko lantegi batean lapurreta egiteagatik

Anboto 2023ko abu. 3a, 16:33

Ertzaintzak prentsa oharrean azaldu duenez,  20 eta 40 urteko bi gizon atxilotu dituzte goizaldean Durangon, "indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, atea behartuta lantegi batean sartu eta erremintak eta kobrea lapurtu dituztelako". Inplikatuetako bat ihes egiten saiatu dela gaineratu dute "errekara jauzi eginda".

Ertzaintzak jakitera eman duenez, gaur goizaldean, Durangoko Udaltzaingotik Ertzaintzara deitu dute bertako Tabira auzoko lantegi batean ustez lapurreta egin dutela ohartaraziz.

Adierazitako lekura hurbildu direnean gizon bat ikusi dute bizikletan, eta honek, polizia ikustean, bi erreminta-kaxa lurrera bota eta ihes egin duela azaldu du Ertzaintzak. "Une horretan, ertzainek ahotsak entzun dituzte inguruan, eta kobrezko kable bilkariak zeramatzaten beste bi gizonezko aurkitu dituzte. Bi gizonak ihes egiten saiatu dira, eta batek errekara jauzi egin du, baina, azkenean, harrapatu eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu dute", gaineratu du Ertzaintzak.  

Agenteek lantegia ikuskatu dutenean, egiaztatu dute ateak behartu izanaren arrastoak zituela eta ustezko lapurrek barrura sartu eta erremintak eta obrako materiala pilatu dituztela kanpoaldean. Polizia-baliabideek inguruan aurkitu dute bigarren inplikatu bat, eta egitate berberak leporatuta atxilotu dute.

Bi atxilotuak polizia-egoitzara eraman dituzte. Eginbideak zabalik daude eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea. Eginbideak amaitzean, atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!