Durango Sariak ekimenaren bigarren edizioa antolatuko du udalak

Anboto 2023ko abu. 2a, 15:49

Durangoko Udalak Durango Sarien bigarren edizioa antolatuko du aurten, "kirol, gizarte eta kulturaren arloan elkarte eta klubek zein pertsonek egindako lana publikoki aitortzeko". Hautagaitzak aurkezteko epea irailaren 18an amaituko da.

Durango Sariak ekimenak kategoria berri bat izango du aurten: arlo sozialekoa. Honako kategoria hauek sarituko dituzte.

- Durangoko Kirol Elkartea

- Durangoko kirolari nabarmena

- Durangoko kirolaria edo kirol elkartea. Herri aukeraketa

- Durangoko kultur elkartea

- Durangoko kultura eremuan nabarmendutako pertsona

- Kulturaren arloan nabarmendutako pertsona edo erakundea. Herri aukeraketa

- Gizarte arloko elkartea

- Sari berezia

 

Edozein pertsonak edo erakundek aurkez dezake hautagai zerrenda bat edo batzuk idatziz. Horretarako, eskaera erregistratu beharko da Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez edo Durangoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Hautagaitza aurkezteko epea iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko irailaren 18an amaituko da. Proposamenarekin batera saria merezi duela uste den merezimenduak aurkeztu beharko dira. Merezimenduen zerrendarik gabe jasotzen diren proposamenak ez direla kontuan hartuko aurreratu du udalak. Aintzatespena merezi duten pertsonak edo erakundeak baztertuta gera ez daitezen, epaimahaiak bere hautagaiak proposatu ahal izango ditu, dagozkien merezimenduekin. Horretarako izendatutako epaimahaiak epe barruan aurkeztutako eskabideak baloratuko ditu eta saria merezi duten hautagaitzak erabakiko ditu. Gehienez 20 puntu emango ditu, irizpide hauen arabera:

- Kultura, kirol edo gizarte ibilbidea: 8 puntu, gehienez.

- Durangoko kultura, gizarte-edo kirol bizitzan inplikatzea: 6 puntu, gehienez.

- Proiekzioa Durangotik kanpo: 6 puntu, gehienez.

 

Herri bozketa bidez aukeratuko dira honako sari hauek: Kirol arloan nabarmendutako pertsona edo erakundea eta kulturaren arloan nabarmendutako pertsona edo erakundea. Bi sari hauen aukeraketa partehartu.durango.eus webgunearen bidez egingo da. Epaimahaiak, gehienez ere, 5 hautagai aukeratuko ditu herri hautaketako kategoria bakoitzeko (puntuaziorik handiena lortzen dutenak). Botoa emateko epea irailaren 21etik 30era izango da.

Azkenik, sari banaketa azaroan zehar egingo da, San Agustin Kultur Gunean egingo den ekitaldi batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!