L'Atelierreko dantzariek 10 domina baino gehiago irabazi dituzte Avilako nazioarteko txapelketan

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 21a, 14:20

Dominez gainera, dantza lantzeko nazioarteko bost beka eta talde klasikorik onenaren saria eskuratu dituzte.

Durangoko L'Atelier dantza eskolako kideak lana primeran egin izanaren sentipenagaz joango dira oporretara. Egunotan Avilan (Espainia) izan dira, bertan jokatzen ari den Global Dance Open nazioarteko txapelketan parte hartzen, eta eskua bete domina dutela bueltatu dira etxera. Dantza eskolako 34 kide nazioarteko 35 herrialdeetako dantza eskoletako kideekin lehiatu dira egunotan. Honako lorpen hauek egin dituzte: Urrezko domina bat, zilarrezko lau (tartean domina bana lortu dute Aitor Hernandezek eta Kaiet Amezua dantzariek) eta brontzezko beste hainbat (Mara Uriguen, Maialen Gorritxo, Uma, Aitor, Markel Sever eta Paula Alberdi dantzariek lortu dituzte dominok).

Horrez gainera, Eloi Ruiz de Erentxun bosgarren geratu da Ballet Intermediate solo kategorian, eta epaimahaiak L'Atelierreko dantza talde klasikoa goraipatu du, Babystars. Gainera, dantza nazioartean lantzeko bost beka lortu dituzte. Aitor Hernandez (beka bi), Markel Sever, Eloi Ruiz de Erentxun eta Kaiet Amezua izango dira onuradunak. 

Dantza taldeko neska-mutikoek Kanadako, Portugalgo, Zeelanda Berriko, Errumaniako, Omaneko, Bulgariako eta Ingalaterrako taldeak izan dituzte aurkari, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!