Durangoko Udalak fitness gelako arreta eta gidaturiko jardueren eskaintza zabaltzea proposatu du

Ekaitz Herrera 2023ko uzt. 21a, 11:41

Elkoroiribek "kirol zerbitzu publikoen kalitatea eta erabiltzaileen konfiantza berreskuratzea" gura dutela azaldu du. Azpikontrataturiko enpresek mahai gainean daukate proposamen berria. Oraingoz, ez dute behin-betiko erantzunik eman.

Durangoko udal agintariek proposamen berri bat landu du herriko kirol zerbitzuen eskaintza "zabaltzeko eta indartzeko". Planteamendu berria "enpresekin eta langileekin batera" landu dute, eta goiz honetan lanketa horri buruzko azalpenak eman dituzte Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jésica Ruiz alkateordeak. Berrikuntzak lau ardatz nagusitan oinarritu dituzte:

Bat. Fitness gelako arreta  zerbitzua "uneoro" eskaintzea planteatu dute, 18:00etatik 20:00etarako ordu tartean "errefortzu gehigarri bat" aplikatuta. Bi. Monitoreek gidaturiko kirol jardueren eskaintza %20an handitzea gura dute. Hiru. Rokodromoari dagokionez, arreta zerbitzua handitu gura dute martitzenetan eta eguenetan, egun horietan ordu biko arreta zerbitzua eskainita. Eta lau. Kirol Orientaziorako Zerbitzua, herritarrei kirola egitearen onurak azaltzeaz zein egokitzeaz arduratzen den tresna, %20an handitzea aurreikusi dute.

Grebak etenarazteko asmoa

Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du proposamenagaz "kirol zerbitzu publikoen kalitatea eta erabiltzaileen konfiantza berreskuratzea" gura dutela. Alde horretatik, erabiltzaileak zein langileak "aseko dituen proposamena" izan daitekeela esan du, eta berbagai izan ditu azpikontrataturiko langileen greba: "Astelehenean, enpresekin eta langileen ordezkariekin batu ginen proposamena aurkezteko. Lehen begiratu batean, azaldu ziguten planteamendua begi onez ikusten dutela. Dena dela, erantzun definitibo baten zain gaude", azaldu du. Planteamendu berriarekin zerbitzua "nabarmen" handituko litzatekeela iritzita, proposamenak grebak eteteko balio izatea gura du alkateak: "Itxaropentsu gaude. Ez genuke ezezko bat ulertuko".

Bai Ruizek eta bai Elkoroiribek aurreratu dutenez, gobernu taldearen asmoa Durango Kirolak zerbitzurako plegu berri batzuk egitea da. 2024ko lizitazioa landu gura dute, kontratatzen diren zerbitzuak "%20-30 inguru handituta". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!