Naroa Azpitarte durangarra txapeldunorde geratu da 18 urtez azpiko Europako txapelketan

Anboto 2023ko uzt. 18a, 12:10

Naroa Azpitarte zilarrezko dominarekin.

Europako txapelketa batean parte hartzen zuen lehenengo aldia izan da.

Joan zen astean 18 urtez azpiko Europako txapelketa jokatu zuten Txekiar Errepublikan, errugbi 7ko modalitatean. Hantxe aritu zen Durango Rugby Taldeko (DRT) jokalaria den Naroa Azpitarte Maguregi (Durango, 2005) Espainiako selekzioarekin eta txapeldunorde geratu da. Final laurdenetan eta final erdietan Ingalaterra eta Txekiar Errepublika kanporatu zituzten, hurrenez hurren, eta finalean amore eman behar izan zuten Europako txapelketa bigarren bider jarraian irabazi duen Frantziaren kontra.

Bost urte zituenetik DRTn dabilen Azpitartek lehenengoz parte hartu du Europako txapelketa batean eta esperientzia "oso aberasgarria" izan dela adierazi du. "Jokalari moduan hazteko balio izan dit. Ingalaterran, esaterako, jokalari erdi-profesionalak dira adin hauetan eta maila horretako jokalarien kontra arituz ikasi egiten da". Horrez gainera, parte hartu duten selekzioen artean egon den "giro ona" azpimarratu du. "Guk, esaterako, Irlandagaz elkarbanatu dugu aldagela. Oso giro ona egon da denon artean".

Orain atseden hartuko du abuztuaren erdi inguruan DRTgaz aurredenboraldia hasi aurretik.

Naroa Azpitarte eskuman Europako txapelketako partidu batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!