'Kobre' ikuskizunak zirku bilakatuko du Durangoko Aurora Abasolo parkea

Aritz Maldonado 2023ko uzt. 18a, 09:21

Zirkozaurreren 'Kobre' antzezlananaren irudia. Yessica Corpas

Durangoko Aurora Abasolo parkea kaleko zirku bilakatuko da zapatuan; Bilboko Zirkoaurre konpainiako kideek Kobre ikuskizuna egingo dute bertan. Konpainiak orain hiru urte sortu zuen zirku garaikideko ikuskizun hau.

Hiru artista igoko dira taula gainera: Gorka Pereira, Pablo Cáceres eta Imanol Suso; malabareak, cyr gurpila, bertikalak, objektuen manipulazioa eta eskujoko teknikak erabiltzen dituzte, musikaren laguntzagaz. Zirkozaurrek zirku eskola ere badu, udara begira batez ere, eta bertan zirku teknikak lantzen dituzte; zirkurako zaletasuna ere garatzen dute, batez ere gazte bizkaitarren artean. 22:00etan izango da emanaldia.

Azken txanpa
Durangoko Uda Giro zikloak irailera arte iraungo du. Hurrengo emanaldia uztailaren 20an izango da: Agurea, urpekaria eta itsasoa. Iñaki Aguinaga, Alex Antúñez eta Aroa Blanco durangarra dira antzezlan honetako protagonistak, eta ikaskuntzari eta tolerantziari buruzko abentura bat aurkeztuko dute. Uztailaren 26an, Ray Fernández trobadore kubatarrak kontzertua emango du. Emanaldi bi hauek Plateruena kultur aterpeko terrazan izango dira. Uztaileko azken emanaldia beste zirku ikuskizun bat izango da; D´es Tro konpainiak Pol lana aurkeztuko du, uztailaren 29an. Abuztuan ikuskizun bi egongo dira; bata antzerkia izango da, eta bestea musika; abuztuaren 5ean, Kamikaz kolektiboak Troia taularatuko du; eta abuztuaren 31n Jaime Alvarellos Correcherrek blues saioa egingo du. Markeliñe antzerki konpainiak emango dio amaiera Uda Girori, Carbon Club ikuskizunagaz; orain 18 urte estreinatu zuten, baina orain agur bira bat egitea erabaki du taldeak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!