Frontoi irekiak, Garai jauregiaren inguruak eraberritzeko lanak, Kurutziagako iturria konpontzea, komun publikoak ipintzea, astronomia proiektu bat garatzea... Durangoko Udalak proiektu horiek eta gehiago jaso ditu aurrekontu partehartzaileen proposamenen zerrendan. Gaurtik abuztuaren 20ra arte, herritarrek proiekturik gogokoenen artean bozkatzeko aukera izango dute. Durangar bakoitzak hiru ideia aukeratu ahal izango ditu, bakoitzari hiru puntu, puntu bi edo puntu bakarra emanda. Horretarako, udalaren parte hartze atarira sartu behar da. Bestela, Herritarrentzako Arreta Zentroan, Tabirako igerilekuetan eta Turismo Bulegoetan atondutako tablet gailuen bitartez eman ahalko da botoa. Udal iturriek jakinarazi dute 800.000 euroko diru poltsa prestatu dutela aurrekontu parte hartzaileetarako.