Alderdi Popularreko kideek agerraldia egin dute gaur Durangon. Carlos García zinegotziak eta Carlos Iturgaiz Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidenteak parte hartu dute agerraldian. Atzo EH Bilduko eta ERC alderdiko kideek Ezkurdin egindako mitina izan dute aipagai. Carlos García zinegotzi popularraren iritziz, "presentzia desatsegina" izan zen atzokoa. "Eta are gehiago Durangon, gisa horretako agintarien desgobernua nozitu dugun herri honetan. Durangon, Euskadin eta Espainiako estatuan argi geratu da EH Bildu eta ERC ez direla Espainiako gobernuan egongo, gaur egun dauden bezala. Herri hau da horren sinbolo. Durangon gobernutik kendu ditugu, eta Espainian gobernutik aterako ditugu. Aukera eta alternatiba zein den argi dago. Pedro Sánchez Otegiren eta Junquerasen txotxongiloa da. Horrenbestez, aukera bi daude. EH Bildu edo Alderdi Popularra. Otegi edo Alberto Núñez Feijóo", azaldu du Garcíak.
Carlos Iturgaizek, bere partetik, "Espainiak gezurrik esango ez duen eta manipulatzen ez duen gobernu bat" izango duela adierazi du.
Miguel Ángel Blanco ahotan
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako popularren buruak Miguel Ángel Blanco aipatu du bere hitz hartzean; Ermuko PPko zinegotzia. "Gaur duela 26 urte, ordu honetan, Espainiako herritarrak larrituta geunden. Miguel Ángel Blanco ETAk bahituta zegoen orduotan. Txapotek tiro bi bota zizkion buruan ordu batzuk gutxiago. Hau gogora ekarri beharreko zerbait da, gaur egun EH Bilduk, Sánchezen aliatu denak, herrialde honetan Blancoren kontrako eta beste ehunka herritarren kontrako atentatuak justifikatzen jarraitzen duelako. Atentatuak kondenatu barik jarraitzen dute", adierazi du.