Arnaldo Otegiren berbetan, Espainiako joera politikoaren aurrean “ezin da ekidistantea izan”. EH Bildu ipini du “subiranotasunaren, ezkerraren eta antifaxismoaren” aldeko alderdi modura. “Ezin da Feijooren PP zuritu, PPk Vox duelako barruan, eta Vox delako estatuko ultraeskuindarren blokearen norabidea zehazten duena”, esan du Otegik. Koordinatzaile orokorrak Durangoko egoera ere izan du ahotan: “Hemen, Durangon, EAJk PPrekin ituna egin du abertzale bati alkatetza kentzeko. Gure printzipioa da lehenik herria eta gero alderdia. Lehenik herria eta gero siglak”, esan du.
“Ziurtasunaren botoa”
Jasone Agirrek, senaturako Bizkaiko hautagaiak “ziurtasunaren eta egiaren boto” modura aurkeztu du koalizio subiranistarena: “EH Bildugatik bada, eskuin españolak ez du ez protagonismorik ez erabakimenik izango”. Horrez gainera, euskal herritarren mandatuari hutsik ez diola egingo eta askatasuna defendatuko duela adierazi du.
Uztailaren 23an egingo dira Espainiako diputatuen kongresurako eta senaturako hauteskundeak.