“Olindak transmititzen dituen hizkuntza eta erregistrora ekarri ditugu abestiak”

Igor Galarza 2023ko uzt. 11a, 10:00

Abesti propioak biltzen dituen lehenengo diskoa ondu berri duen arren, Olinda taldeak hamarkada bat darama nazioarteko musika genero ugari zabaltzen. Amaia Jaio Apellanizek (Durango, 1965) txeloa jotzen du, Eider Gallastegik kontrabaxua, Juanfer Gagok gitarra eta Eva Acerok abestu egiten du. Uztailaren 13an, Durangoko Plateruenaren terrazan taularatuko dute lan berria, 20:00etan. Jaiogaz berba egin du ANBOTOk.

Prest Durangoko kontzerturako?
Bai. Daramatzagun hamar urteotan, astero geratzeko martxa hori mantentzea lortu dugu eta disko berriko kantak zein lehenagotik geneukan errepertorioa lantzen etorri gara.

Zelan sortu zen Olinda?
Guk beti diogu Itziar Eskerrak batu gintuela. Itziar, tamalez, zendu egin zen. Omenaldian laurok parte hartu genuen, eta han batu ginen. Gure lehenengo diskoa (Reserva, 2014) bere omenez grabatu genuen. Azkenengo diskoan, urteotan galdu ditugunak omendu gura izan ditugu.

Hamar urte daramatzazue jotzen. Zelan etorri da zuek konposaturiko abestiak disko batean txertatzea?
Nik lehenagotik ere konposatzen nuen musika; beti gustatu izan zait. Baina pandemia garain esperimentazio asko egin nuen, eta 'Danzas Sin Fronteras' ekimenak ateratako poema liburu batean Acúname izeneko poema hartu eta musikatu egin nuen. Gero, Evak bereak zein beste idazle batzuen poemak musikatzeko proposamena bota zuen. Ni ere animatu nintzen, eta neure amari eta mundu guztiko amei buruz idatzitako Amaren laztana abestia idatzi nuen. Diskoa jolastearen parekoa izan da; ez genuen bertsioekin osatu gura bakarrik. Baina lan hau ez da musikariena bakarrik. Produkzioan, David Acerok Olindaren nortasuna ezin hobeto azaleratzen lagundu digu; Nuria Hernandezen maketazioak eta Zihara Merinoren ilustrazioek musikaz gaindi dauden arteak ekarri dituzte diskora.

Konposizioak Olindaren nortasunera eraman dituzue ala Olinda musika genero desberdinetara zabaldu da?
Konposizioak estilora. Laurok elkartzean, bakoitzak bere ekarpena egin du. Olindak transmititzen dituen hizkuntza eta erregistrora ekarri ditugu abestiak. Hori bai, ahaztu barik gizarteagazko ditugun ardurak eta konpromisoak; feminismoa eta elkartasuna, adibidez.

Taldean ez duzue perkusionistarik, baina diskoan entzuten dugu.
Grabazioan Ander Zulaikak lagundu zigun, eta kontzertuetan Naldo Gomesek laguntzen digu. Naldo musikari profesionala da eta, taldekoa ez den arren, taldearen parte da. Noizean behin gugaz jotzeko ideia dugu.

Zer topatuko du entzuleak diskoan?
Evaren nebak (David) sarrera bat ipini dio abesti bakoitzari, eta abestiagaz zerikusia duen eszena bat irudikatu dezakegu, batez ere naturan barrena. Diskoan, entzuleak samba edo bossa nova estiloa entzungo ditu gehien. Baina badugu tangotik eta salsatik ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!