Bidezabal taldeko hainbat atleta bikain aritu dira Espainiako txapelketetan

Anboto 2023ko uzt. 10a, 09:35

Ezkerrean, Cristina Teixeira. Eskuman, argazkiaren erdian, Laia Cariñanos. (Bidezabal)

Laia Cariñanosek eta Cristina Teixeirak dominak irabazi dituzte

Bidezabal klubeko atletak Espainiako hainbat txapelketatan nabarmendu dira azken asteetan. Lorpenik aipagarriena Laia Cariñanosek lortu du. 16 urtez azpiko txapelketan eta 1.000 metroko proban urrezko domina jantzi du. Kanporaketa fasean nagusitasunez sailkatu zen finalerako eta finalean hainbat metro atera zizkien aurkariei azken zuzengunean erritmoa aldatu ostean. Une honetan distantzia horretako txapelduna da bai aire librean eta baita pista estalian ere. Txapelketa berean eta 600 metroko proban, Ixone Sanchezek eta Noa Sevillak ezin izan ziren finalerako sailkatu.

Urrea eta errekorrak Teixeirarentzat

Master mailako Espainiako txapelketan Cristina Teixeirak lehenengoz parte du 45 urtetik gorakoen kategorian eta helburu guztiak lortu ditu: pisu eta disko jaurtiketetan urrezko domina jantzi du eta bietan ordura arteko errekorrak hobetu ditu.

18 urtera arteko txapelketa

Azkenik, Axpe Ajak eta Aiert Campok 18 urtera arteko Espainiako txapelketan parte hartu dute Euskadiko selekzioarekin. Ajak zortzigarren tokian amaitu du 2.000 metroko oztopo proba bere marka pertsonala hobetuz. Campok berriz 14. postuan amaitu du 5 kilometroko martxa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!