Hilabete batzuk falta dira oraindik, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adinekoek jadanik gorriz markatu dute urriaren 1a egutegian. Egun horretan Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu zabalean, eta data seinalatu hori aprobetxatuta, Euskadi osoko adinekoak Durangon batuko dira. Bertan egingo dute hiru lurraldeetako kideen lehenengo topaketa. 230 bat gizarte etxetako herritarrak Landako Gunean batuko dira Euskofederpen federazioaren aterkipean. Goiz honetan, hiru lurraldeetako adineko elkarteen ordezkariek topaketok aurkeztu dituzte Durangoko udal agintariekin batera.
Jardunaldiak Landako Gunean egingo dituzte, eta ekitaldi kulturalak izango dituzte ardatz. Oraingoz egitarau osoa zarratu barik duten arren, antolatzaileek iragarri dute Arantza Urretabizkaia eta Toti Martínez de Lezea idazleen berbaldiak izango dituztela. Abesbatzak eta kantariak entzuteko aukera ere izango dute, eta Durangoko kaleetan zehar bisita gidatua egiteko ideia ere mahai gainean daukate.
Aitortza adinekoei
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adineko elkarten ordezkariek zahartzearen erronkak izan dituzte ahotan. Gipuzkoako AGIJUPENSF elkarteko eta Euskofederpen federazioko presidente Felix Elkoroiribek zahartze aktibotik harago begiratzera gonbidatu du. "Kontua ez da zahartze aktiboa bultzatzea bakarrik. Hazten, sortzen eta egiten dugun horretan sinesten jarraitu gura dugu", azaldu du. Arabako Las Cuatro Torres elkarteko Luis Carlos Matías presidenteak, bere partetik, bakardadeari aurre egitera deitu du. "Bakardadea da daukagun arazorik handienetako bat. Horixe da gure kezka nagusienetako bat. Adinekoen artean edadetuenak direnek gizarte bat utzi ditu, familia bat sortu dute, eta aitortza hori egitea behar-beharrezkoa da" azaldu du. Bizkaiko Nagusiak elkarteko Jose Mari Maciasek, berriz, "etorkizunaren zati izatera mugatu barik, etorkizunaren sortzaile" izatera gonbidatu ditu adinekoak. "Esperientzia daukagu. Eta gogoa", gaineratu du.
Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak azpimarratu dute "ohore handia" dela Euskadiko adinekoen lehenengo topaketa egiteko Durango aukeratu izana. Topaketa arrakastatsuak izan daitezen lan egingo duela aurreratu du Elkoroiribek, eta Ruizek gogora ekarri du Durangoko biztaneleriaren %20 (6.000 bat herritar) 65 urtetik gorakoak direla.