Maitane Varasek xake taldeko presidente kargua hartu zuenean, Larrasoloetak urte batzuk zeramatzan eskolarik barik. Argi zuen eskola berreskuratzea nahitaezkoa zela. "Klub baten bihotza harrobia da. Funtsezkoa da. Ni neu Larrasoloetako eskolan hezi nintzen". Ideia hori buruan hasi zen lanean. Lehenengo lana, taldea ezagutaraztea: kartelak itsatsita, gurasoekin aurrez aurre egonda… "Oso lan gogorra izan zen, jendeak ez zekielako existitzen ginela ere", gogoratu du Varasek. Umeak batzeko beste bide bat ikastetxerik ikastetxe xake klaseak ematea zen. Horixe egiten zuen eta egiten jarraitzen du Larrasoloetako Miguel Angel Linacerok. Hiru umegaz hasi ziren Larrasoloeta taldean, eta harribitxiak lez zaintzen zituzten. "Guretzat oso garrantzitsuak ziren eta oso pozik egon zitezen ahalegintzen ginen beti", adierazi du Varasek. Umetik umera aldea zegoen adinean, eta sei urteko bat hamaika urteko baten kontra jokatzen ipintzeak "beldurra" ematen zien. "Ez genekien zelan konponduko ziren elkarregaz", nabarmendu du Varasek. Baina, ezustean, esperimentua "oso ondo" irten zitzaien. "Nagusiek gazteenei erakusten zieten eta gazteenek erreferentetzat hartzen zituzten nagusiak. Gainera, lagun onak egiten ziren. Biziraupen hutsez martxan ipinitako sistema oso eraginkorra izan zen", dio Varasek.
Ahalegin horrek guztiak bere fruituak eman ditu eta gaur egun 13 ume dituzte. "Zelan hasi ginen eta non gauden… Ur gaineko bitsetan gaude, sinetsi ezinda", dio Varasek. Eta probatu gura duten denentzat atea zabalik dutela gogoratu du, ajedrez.durango@gmail.com helbide elektronikoaren eta euren webgunearen bitartez.