Durangoko udal ordezkarien soldatek eta liberazioek eztabaida iturri izaten jarraitzen dute. Arratsalde honetan datozen lau urteetarako antolaketa egitura onartu dute udalbatzan, eta bertan argi geratu da gobernu taldeko eta oposizioko kideen iritzi kontrajarria. Gobernu taldeak duela astebete aurkeztutako liberazio eta soldata sistemari eutsi dio. Proposamen hori eraman du gaurko osoko bilkurara, eta planteamendu horrek egin du aurrera EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak, berriz, kontra egin dute. Bi alderdiek aurreko legegintzaldiko soldatak mantentzea eskatu dute. Eskari horrek, baina, ez du babes nahikorik izan, eta gobernu taldearen proposamenak egin du aurrera. Honako honek:
Gobernu taldeak lau liberatu:
- Mireia Elkoroiribe (alkatea, EAJ): 77.928 euroko soldata gordina urtean.
- Jésica Ruiz (1. alkateordea, PSE-EE): 62.343 euroko soldata gordina urtean.
- Sara Oceja (2. alkateordea, EAJ): 62.343 euroko soldata gordina urtean.
- Asier Perugorria (EAJ): 43.640 euroko soldata gordina urtean.
Liberatu bana oposizioan:
- Iker Urkiza (EH Bildu): 43.640 euroko soldata gordina urtean.
- Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): 43.640 euroko soldata gordina urtean.
- Carlos García (PP): 43.640 euroko soldata gordina urtean.
Dena den, ez dago argi plenoan onarturiko liberazio sistema erabat beteko den ala ez. Izan ere, PPko Carlos Garcíak ez du argitu berari dagokion liberazioa onartuko duen: "Ikusiko dut soldata hori onartzen dudan ala ez. Kontuak argitu behar ditut. Izan ere, hori onartzera, sekula izan dudan soldatarik txikiena izatera pasako naiz. Erakunde publiko batean lan eginda jaso izan dudana baino 12.000 euro gutxiago jasoko nituzke. Erakunde pribatuan lan egin izan dudanean baino 20.000 gutxiago", azaldu du Garcíak.
Gaurko plenoan, PPko zinegotziaren botoa ez da giltza izan, EH Bilduko Ima Garrastatxu ez delako aretoan egon. Horregatik, koalizio gobernuak (EAJ eta PSE-EE) ez du Carlos Garcíaren aldeko botoa behar izan proposamenak aurrera ateratzeko. Gobernuko koalizioak bederatzi boto izan ditu bere esku, eta zortzi (dagokiona baino bat gutxiago) oposioko EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Gobernu taldekoen botoak, beraz, horiek nahikoa izan dira proposamenak aurrera egiteko.
Diru kopuruen eztabaida
PPko zinegotziak zer egingo duen argitzeke dagoen arren, gaur onarturiko sarturiko liberazio sistemak 377.172 euro hartuko ditu udal aurrekontutik, urtero-urtero. Aurreko legegintzaldiarekin alderatuta udalbatzako politikari bat gutxiago egongo da lanaldi osoz jardunean. Horrenbestez, zortzi liberatu izatetik zazpi liberatu izatera pasako da udalbatza.
Aurreko gobernu taldeak duela lau urte, 2019an, zehazturiko liberazioak eta kopuruak hemen kontsultatu daitezke. Azken lau urteotan sei liberatu egon dira gobernu taldean (lau EH Bildun, bi Herriaren Eskubidean) eta bi oposizioan (bana EAJn eta PSE-EEn). Ordu hartan, 2019an ezarritako liberazioek 302.500 euro hartzen zuten udal aurrekontutik.
ESANAK:
- Iker Urkiza (EH Bildu): "Mireia Elkoroiribe izango da Durangoko historian soldatarik handiena izango duen alkatea. Hiriburuak albo batera utzita, laugarren legoke Hego Euskal Herriko alkateen soldaten zerrendan. Guk duela lau urte defendatutakoari eusten diogu: soldatak jaitsita, durangarren mesedetan jende gehiago lanean ipintzeari".
- Josune Escota (EAJ): "Oposizioko inork ez digu esan haren liberazioa txikiagoa izatea gura zuenik. Ez zaigu ezelako proposamenik helarazi. Soldata egokiak direla uste dugu. EUDELek markaturiko kopuruak dira, eta gainera ez gara Durangori dagokion soldata aplikatzen ari; biztanleriaz maila bat baxuago dauden herrietako alkateei esleitutako soldatari buruz baino".
- Jésica Ruiz (PSE-EE): "Liberazioen banaketa beste era batera antolatu dugu. Gainera, kontuan hartu behar da udalbatzan talde bat gehiago dagoela gaur egun. Gobernu taldeak gastu gutxiago du, eta oposizioak aukera gehiago".
- Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Gobernu taldeak hedabideetan esan du liberazio gastuak 18.000 euroan jaitsiko direla. Ez da horrela. 110.000 euroan igoko dira. Gure eredua soldata txikiagoarekin durangarrentzat lan egingo duten kide gehiago liberatzea da. Beharrezko pertsona kopurua lanean ipintzea, herriak aurrera egin dezan".
- Carlos García (PP): "Merkea dirudiena garesti irten daiteke. Aurreko legegintzaldian ikusi dugu hori. Enplegua eta ostalaritza sustatzea, medikalizatutako anbulantzia, udaltzaingoaren egoera, kiroldegietakoa... egi bihurtu bako promesak izan dira horiek guztiak. Nik udal honetako langileen duintasuna defendatuko dut. [Elkoroiribe] alkateak ardura hori hartu du soldatarekin, eta justifikatu egin beharko du".