Maite Guevara Klown gasteiztar ezagun eta ibilbide luzekoak '¡Que buen día!' lana aurkeztuko du Tabiran

Aritz Maldonado 2023ko uzt. 1a, 10:30

Klown munduan Espainiako Estatuko erreferenteetarikoa den Maite Guevara gasteiztarra Durangaldera bueltatuko da aste honetan. Hain zuzen ere, domekan, 19:00etan, ¡Qué buen día! ikuskizuna aurkeztuko du Durangoko Tabira parkean; euria eginez gero, Ibaizabal ikastolan egingo dute.

Sudur gorria ipinita, Guevara Martina Nuatina bihurtuko da ikuskizun honetan, eta irribarrea eta barre-algarak eragiten ahaleginduko da bertan. "Euria zein elurra egin, egunero izan daiteke egun on bat. Begiak zabaltzen dituenak beste modu batera ikusi dezake mundua, eta hori erakutsiko du Martinak", azaldu du. Publiko guztiarentzako moduko ikuskizuna izan arren, "jolasteko gogorik ez dutenei edo aspertuta bizi gura dutenei" ez joateko deia egin die Guevarak. "Batez ere, ondo pasatzeko gogoa dutenentzako klown ikuskizuna da. Izan ere, hona jolastera etorri ez bagara, zertara etorri gara?", gaineratu du. 

Guevarak dozenaka plazatan aurkeztu du ¡Que buen día! tartean, ekainean, Iurretako Kalez kale jaialdian. 2021ean estreinatu zuen ikuskizuna, Gasteizen, KaldeArte jaialdian. Pablo Ibarluzeak zuzentzen du obra, eta Federrek finantzaturiko Travesía - Pyrénées de cirque proiektuaren elkarlanagaz sortu dute obra. 

Urteko pailazorik onena
Guevarak Urteko Pailazoaren 2023ko saria jaso du oraintsu Katalunian, Vilanovako Klown Azokan, hain zuzen ere. Hitzordua erreferentziazkoa da klown munduan, eta aukera aparta gasteiztarraren ibilbide profesionala saritzeko; besteak beste, Payasos Sin Fronteras GKEak, Pallapullas eta Xarop Clown konpainiek, eta Jordi Saban Roy Sabanni pailazoak jaso dute saria. Maite Guevarak Latinoamerikako eta Europako irakasleekin egin du formakuntza urte luzeetan, eta 2006an ekin zion klown ikuskizunak egiteari. Abiapuntu lez, Argentinara egindako bidaia bat aipatu izan du. "Bertan deskubritu nuen pailazoek zirkutik kanpora ere eragin dezaketela barrea, kalean lan egin dezaketela; horrez gainera, maite dut klown lez aritzea, publikoari barrea eragiteaz gainera gogoeta egin dezan ere lortu dezakezu eta", azaldu izan du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!