“Lehen borrokatzeko asmoa nuen bakarrik; orain konpromisoa exijitzen dit boxeoak”

Igor Galarza 2023ko uzt. 2a, 10:30

Zirkin gimnasiora sartu bezain laster ikusgai daude hainbat borroka kiroletako eskularruak eta gerrikoak. Michel Emmanuel Diattak hainbat titulu du jada: azkena, Euskadiko Txapelketa. Argazkirako eskularru batzuk aukeratzeko esan dio IndarXsport taldeko Dani Nuñez entrenatzaileak. Gorriak aukeratu ditu, begiko dituenak.

Lehiatzera bueltatu eta edukitako sei borrokaldiak irabazi dituzu; tartean, Euskadiko txapelketa. Ez da marka txarra.
Gustua ematen du horrela bueltatzeak. Hainbat kontutan hobetu duzula igartzen duzu, eta gehiago ikasteko eta hobetzeko gosea ematen dizu horrek.

Zer pentsatu zenuen Euskadiko txapelketa irabazi zenuenean?
Txapelketako aurreko edizioan ere lehiatu nintzen, eta orduan galdu egin nuen lehenengo borrokaldia. Aurten, borrokatutako hirurak irabazi ditut. Helburua irabaztea zen eta oso pozik geratu nintzen emaitzagaz, eta gehiago lehiatzeko gogoz geratu nintzen.

Prestaketa berezia egin zenuen txapelketari begira?
Egunero entrenatu naiz. Ez naiz etortzen saioetara “tira, Euskadiko txapelketa prestatuko dut” pentsatzen. Zirkinera ondo pasatzeko asmoz eta ea zer ateratzen den ikusteko eta gozatzeko asmoz nator.

Lau urtean geldirik egon zara. 20 urteko Michel boxeolariaren eta 24 urtekoaren artean badago desberdintasunik?
Aldaketa handia dago. Helduagoa naiz boxeatzen. Aldi berean, lehengo gauza batzuen falta igartzen dut. Lehen denbora egokia eskaintzen nien entrenamenduei, eta gehiago gozatzen nuen. Orain gehiago pentsatzen dut entrenamenduetan, eta gogorragoa egiten ari da. Nik asko gozatzen dut, eta lehen borrokatzeko asmoa nuen bakarrik. Orain konpromisoa exijitzen dit boxeoak. Euskadiko txapeldun geratzea ez da batere erraza.

Zure entrenatzaile Dani Nuñezek esan didanez, EAEn nogaz borrokatu ezin topatu zabiltzate. Zer pentsarazten dizu horrek?
Ez dut asko pentsatzen horretan. Lehiatzea gustatzen zait, betiere kontuan hartuta noren kontra nabilen. Pareko mailan dagoen norbaitegaz lehiatzea gustatzen zait, eta bakoitzak berea eman dezala, eskaintzeko duena.

Borrokaldirako ringera igotzerakoan, aurkarien kontzentrazio aurpegiaren aurrean irribarre bategaz agertzen zara. Zer pentsatzen duzu borrokatu aurretik?
Beti irrabarre bategaz noa borrokaldira. Zelan sentitzen naizen aztertzen ahalegintzen naiz, eta ringera pozik igotzen. Egia esan, aurkariek sorpresa hartzen dute nire jarreraren aurrean.

Zenbat entrenatzen zara?
Hemendik kanpora hemen baino gehiago entrenatzen naiz, baina hemen ere askotan egoten naiz, boxeo eta kick boxing monitorea ere banaiz eta. Entrenamenduetan ondo pasatzen ahalegintzen naiz, ahalik eta gutxien sufritzen (barrez). Batez ere erresistentzia lantzen dut, eta gimnasioan asko lantzen dugu teknika.

Teknika da zure indargunea?
Baietz esango nuke. Beti nabil horretan pentsatzen.

Taldeak asko lagunduko du saio horietan.
Asko. Norbera baino ez da igotzen ringera, baina talde osoarena da lana. Gimnasioan badaude beste modalitate batzuetan borrokatzen direnak, eta denok laguntzen diogu elkarri.

Baduzu erreferenterik?
Boxeo asko ikusten dut eta borrokalari guztiengandik zerbait ikasten ahalegintzen naiz. Muhammad Ali dut boxeolaririk gogokoena. Nire ustez, inoizko boxeolaririk onena izan zen.  

Ingurukoen laguntza ere igartzen duzu?
Asko. Lagunak borroketara etortzen dira eta asko animatzen naute. Eta etxekoek berdin.

Zer borrokaldi geratzen zaizu aurretik?
Uztailaren 7an azken borrokaldia izango dut oporralditxo bat hartu aurretik. Gainera, Euskadiko txapelketa izan eta astebetera, Espainiako txapelketako izen-ematea zarratuta zegoela esan ziguten. Pena da, nire ustez zer edo zer polita egiteko aukera nuen eta. Melillan izango da eta prest geunden hara joateko ahalegina egiteko. Joko Olinpikoetan lehiatzen diren boxeolariekin borrokatzeko aukera nuen.

Uztailaren 7rako sorpresa itzela duzue prestatuta. Zer da?
Zornotzako Royal Boxing TM taldeak bertan borrokatzeko gonbidatu gaitu. Bertan, Carlos Henrique Barbosa kickboxing borrokalari profesionalaren kontra boxeatuko dut. Bere aurka borrokatu gura nuen, eta, zorionez, eskaintza horixe heldu zitzaidan. Erronka polita izango da. Profesionala da, baina boxeoko arauetara moldatu beharko da. Ondo pasatzera irtengo naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!