Tabirakok ekitaldiz beteriko eguna antolatu du zapaturako Landako Kiroldegian; tartean, Morenoren figurari gorazarre egiteko ekitaldia. "Pandemian ahal zena egin genuen. Gerora, Morenok merezi zuen moduko zerbait egiteko idea bota nion zuzendaritzari eta hortik dator biharko ekitaldia. Bere garrantzia eta lana gogoratzeko modua izango da", adierazi du Tabirakoko Juan Miguel 'Txiki' Morenok.
Harrobiko saskibaloi partiduekin hasiko dute eguna. 10:30ean Tabirakoko mutil kadeteek Euskadiko selekzioaren kontra jokatuko dute. 12:30ean nesken txanda izango da; kasu honetan ere Tabirakoko eta Euskadiko selekzioko kadeteak izango dira protagonista. Partidu bien artean egingo dute omenaldi ekitaldia, 11:30ean. Tabirakon urteetan jokatu duten eta Moreno ezagutu zuten sei jokalarik berba batzuk esango dituzte bere figura gogoratzeko. Morenoren senide batzuek bertatik bertara jarraituko dute ekitaldia, eta sorpresaren bat egongo da eurentzat.
Antolatzaileek Landako Kiroldegira joateko deia egin dute. "Badakigu ez dena asteburu erraza, Tourraren hasiera dela eta, baina egotea merezi duen ekitaldia da eta denentzat dago zabalik", dio 'Txiki' Morenok.
Arratsaldean, saskibaloi entrenatzaile ezagun bi etorriko dira Durangora, Txus Bidorreta eta Ricard Casas, eta saskibaloiaren inguruko ikastaro berezi edo 'clinic' bat emango dute. 60 gaztek baino gehiagok parte hartuko dute bertan, eta antolatzaileak pozik daude izen-emateak izan duen harreragaz.
"Arima" eta "itsasargia"
Abizen bera izan arren, 'Txiki' Moreno eta Juanjo Moreno ez ziren senitartekoak, baina bai lagun handiak, urte askoan. Hain zuzen ere, Juanjok ipini zion 'Txiki' ezizena. 'Txiki'-k ondo ezagutzen du Juanjoren garrantzia Tabirakon. "Klubaren arima, gidaria eta itsasargia izan zen urte askoan. Bera barik Tabirako beste zerbait izango zen gaur egun", azpimarratu du.