Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sareak eta Durangoko Udalak lehen bilera egin zuten atzo, tren geltoki zaharraren orubearen etorkizunaz berba egiteko. Eragile guztiek prestutasuna agertu zuten "zuzenbidearen eta ekonomiaren ikuspegietatik" auziari "irtenbide adostua" bilatzeko. Udalak, bere partetik, adierazi zuen "ahalik eta azkarren" hasi gura duela "eraikinen altuerak jaitsiko dituen eta durangarren beharrei erantzungo dien proiektuan" lanean.
Joan zen asteko ebazpen judizialari buruz, ETS, Jaurlaritza eta Udala bat etorri dira PERIak "legezkotasuna egiaztatzen" duela esatean, "betiere etxebizitza babestura bideratutako ehunekoak errespetatzen badira". Durangoko Udalaren ordezkari modura, bileran izan ziren Mireia Elkoroiribe alkatea, eta Jesica Ruiz, Sara Oceja eta Josune Escota zinegotziak.
Lehen pauso gisa, trenbidearen trazadura zaharraren erabilera lagatzeko hitzarmena itxiko dute. Desafekzio hori egin eta gero, Udalak eremua urbanizatzeko aukera izango du.