“Penagaz geratu gara, aurten ere ezingo dugulako pintxaldia kontzertuekin borobildu”

Anboto 2023ko eka. 23a, 13:50

Durangoko Kaleko Soinuak Kalea Astintzen kolektiboak (KSKA) Moonstomping jaialdiaren bigarren edizioa antolatu du zapaturako. Tabira auzoa 2 Tone, Skinhead reggae eta ska doinuz beteko da hamar bat orduz. Doinu jamaikarren zaleak diren beste kolektibo batzuk ere arituko dira biniloekin musika ipintzen bertan. 

Aurten Tabirara mugitu duzue jaialdia.
Iaz Alde Zaharreko hainbat lekutan egon ginen pintxatzen, eta horrek lan gehiago suposatu zigun. Aurten pentsatu dugu Tabira leku egokia izango dela, errazagoa egun guztiko egitaraua egiteko. Pintxadaz gainera, Euskal Herrian sorturiko fanzine jamaikarrekin erakusketa egingo du Run Togetherreko Pablok.

KSKAaz gainera, beste kolektibo batzuk ere gonbidatu dituzue jaialdira.
Gutaz aparte, Mike Dekker abadiñarra egongo da; ez da kolektibo bat, baina iaz ere egon zenez aurten ere gonbidatu dugu. Gero, Zuretzako Mezua gasteiztarren txanda izango da; azken urte bietan jai jamaikar ugari muntatu dute. Euren ondoren, Big Time Sound System kolektiboaren txanda izango da; Reggae Fever saioko aurkezlea den Naken da kolektiboko kideetariko bat. Gauari amaiera emateko, Pantx Records Bilboko kolektiboa egongo da; selektoreak dira zigilua. 

Iaz egin zenuten jaialdia lehenengoz. Zelako balorazioa egin duzue?
Iaz sekulako beroa egin zuen, 40 gradu ingurukoa, eta horrek ere baldintzatu zuela uste dugu. Goizean ez zebilen jende askorik kalean, eta eguerdi aldera ere Intxaurre elkartearen barrualdean egin behar izan genuen pintxada, baimen kontuengaitik; egunak aurrera egin ahala, giroa alaitzen hasi zen, kaleak bete egin ziren eta jendea oso gustura egon zen dantzan. 22:00ak arte-edo egon ginen.

Baduzue beste ezer gehitzekorik?
Bai, pena handia dela gaztetxerik ez edukitzea Durangon. Iaz eta aurten, gauerako kontzertuak antolatzeko asmoa genuen, eguna borobiltzeko. Durangon ez dago gaztetxerik eta udalak ez dizkigu onartu eskaturiko baimenak; beraz, ezin izan dugu kontzerturik antolatu. Pena horregaz geratzen gara, eguna borobiltzeko aukera itzela izango litzatekeela iruditzen zaigu eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!