Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: Geu Be elkarteko kideek lokal berria inauguratzeko jaia egingo dute uztailaren 1ean

Anboto 2023ko eka. 23a, 09:26

Gazte kuadrilla bat mahai jolasetan dabil olgetan. Partxisean batzuk, Uno deituriko karta-jokoan beste batzuk. Handik metro gutxira, bideo kontsolagaz jokatzen dabil beste taldetxo bat. Sofa erosoan jesarrita, pelikula bat ikusten dabiltza beste lagun pare bat, eta handik bost-sei metrora puzzle bat osatzeari ekin diote beste bik. Halakoxea da astelehen arratsalde bat Geu Be elkarteko kideen ludotekan.

Elkarteak lokal berria estreinatu du eta begi bistakoa da gazteak oso erraz egokitu direla egoitza berrira. Orain bi-hiru aste egin zuten lekualdaketa Kurutziaga kaleko Garai jauregitik Intxaurrondoko eskola zaharretara. Oraindino ez dituzte mudantza lan guztiak amaitu; besteak beste, ordenagailu batzuk eramatea falta zaie, baina elkarteko kideak hasita daude lokal berriari etekina ateratzen. "Niretzat oso inportantea da hau. Oso pozik egoten naiz hemen, lagun mordoa dut", azaldu du Ivan Torres elkartekideak. Maritxu Gonzalezek ere antzerako berbekin deskribatu du lokal berria. "Hemen denerik dugu. Mahai jolasak lokal barruan eta ping-pongean ibiltzeko mahaia zein futbol zelaia kanpoaldean", dio.

"Lokal berri honetan, lehen ez geneukan zerbait daukagu: kanpoko eremua. Eremu horrek hainbat aukera ematen digu ekintzak bertan egiteko. Futbol zelaia dago, berdegunea, eta euritik babesteko aterpe bat ere bai. Barruko lokalean egiten ditugun ekintzez gainera, kanpoko eremu horrek joko handia ematen digu", azaldu du Julen Bengoa Geu Be elkarteko koordinatzaileak. Gainera, eremu berria herriko beste hainbat elkartegaz partekatzen dute eta horrek ate bat zabaltzen dio denen artean "sinergiak sortzeari". 

20 urteko bidea
Geu Bek urte asko egin du egonkorra eta behin betikoa izango den lokala lortzeko borrokan. Elkarteak San Faustoko eskola zaharretan ekin zion bere ibilbideari, 2003an. Urte batzuk han egin ostean, Garai jauregira lekualdatu ziren. Orain lau bat urte Pinondo Etxera joateko ideia zuten buruan, baina asmo haiek bertan behera geratu ziren Durangoko Udalak eraikina zarratu behar izan zuenean. Garai jauregian egon dira lokal berriaren zain, harik eta Intxaurrondon lur hartu duten arte. Orain bai, etxean daude. Bengoak dioen moduan, elkartearen "espazio propioan". Pozik daude, eta, betiko moduan, elkarteko kideei aisialdian eta inklusioan laguntzeko prest. Baita Durangoko zein eskualdeko herritarrei pertsonen gaitasunak askotarikoak izan daitezkeela adierazten.

Inaugurazioa uztailaren 1ean
Egoitza berria normaltasun osoz erabiltzen hasi diren arren, azken ukitu batzuk egitea baino ez zaie falta. Horren ondoren, behar den moduko inaugurazio jaia egingo dute. Julen Bengoa koordinatzaileak aurreratu duenez, uztailaren 1ean izango da jai hori. "Egun horretan komunikatuko diegu durangar guztiei hemen daukagula gure espazio berria, Intxaurrondon", azaldu du. Ivan Torres eta Maritxu González elkartekideek aurreratu dutenez, "musika kontzertuak eta sorpresak" egongo dira. Luntx berezi bat ere izango dute. 

Inaugurazioa egiteko astebeteren faltan, Geu Beko kideek ateak zabaldu dizkiote ANBOTOri. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!