Iñaki Osa Goikoetxeak (Zumaia, 1980) hainbat txapelketa jokatu eta frontoi bisitatuko ditu erretiratu bitartean, eta bira horren barruan Durangoko Ezkurdi Jai Alai dago. Izan ere, Jai Alai League-eko azken fasea Durangon jokatuko da urriaren 9an eta 16an eta hantxe arituko da Iñaki Osa: sailkatzen bada, txapelaren bila eta, bestela, lagunarteko partiduan, Jai Alai enpresako iturrien esanetan.
Jai Alai League Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko zesta-punta txapelketen liga bateratua da. Aurten sortu dute eta martxoan aurkeztu zuten.Orduan iragarri zuten azken fasea Durangon izango zela. Bestelakoan, liga berriak Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko txapelketak batuko ditu, urte guztiko egutegia betetzeko.
Osa, bere belaunaldiko onena
Iñaki Osa bere belaunaldiko zestalari onena eta historiako onenetako bat da. Buruz buruko 13 txapel ditu, binakako 8 Munduko Txapelketa eta Miami Jai Alain 5 Hiruko Koroa. Horrez gainera, makina bat torneo irabazi ditu atlantikoaren bi aldeetara.
Goikoetxeak pilota munduan jarraituko du. Behin zesta albo batera utzita, Eraman! enpresako Kirol Zuzendari izango da.
Honako hau da Iñaki Osaren egutegia erretiratu bitartean:
- MARKINA-XEMEIN, ekainak 9-uztailak 16
- ZUMAIA, ekainak 24 eta 30
- DONIBANE-LOHITZUNE, uztailak 6-abuztuak 29
- PAU, uztailak 7-irailak 7
- GERNIKA, uztailak 15-abuztuak 12
- BIARRITZ, uztailak 10-abuztuak 25
- HONDARRIBIA, abuztuak 11-irailak 16
- DURANGO, urriak 9-16
- MADRIL, urriak 20-22
- WINTER SERIES, urriak 30-otsailak 11