[BIDEOA]: “Hainbeste gazteri boleibolean aritzeko aukera eman diegula sentitzea pozgarria da”

Anboto 2023ko eka. 16a, 19:30

Irene Antxia (Durango, 2006) eta Naroa Mendazona (Durango, 2006) gazte ekintzaileak dira, boleibol jokalariak ez ezik. 2021ean, 15 urtegaz, Sapuherri taldea berreskuratu zuten, eta horri eskerrak 65 gaztek Durangon boleibolean aritzeko aukera dute gaur egun. Baina ez dira konformatzen. Domekarako Sapuherri Eguna antolatu dute, kluba ezagutarazteko, eta datorren eguenean ate irekien jardunaldia egingo dute boleibola probatu gura duten umeentzat. 

Zelan zaletu zineten boleibolera?
Irene Antxia:
Nire osaba, Eduardo Garcia, Superligako talde bateko fisioterapeuta da, Haron (Errioxa), eta Logroñoko talde batean jokatzen dabil.  Berak erakutsi zidan boleibolean jokatzen, udetan. Zaletu egin nintzen eta Naroari klub bat sortzea proposatu nion. 
Naroa Mendazona: Gimnasia klaseetan boleibola probatua nuen arren, ez nuen Irenek zeukan praktika. Baina gustatzen zitzaidan eta "zergaitik ez?" esanda, aurrera egin genuen. 

Urte bi eskasean hainbat talde sortzea lortu duzue.
N.M.: Une honetan lau talde ditugu: nesketan, gazteetako eta kadeteetako bana; mutiletan, kadeteetakoa; eta laugarrena talde mistoa da, kimuekin eta haurrekin osaturikoa. Datorren denboraldira begira beste talde bi sortzea aurreikusten dugu. 

Sortu berria den proiektuak hain harrera ona izatea itxaroten zenuten?
I.A.: Hasieran, talde bat sortzeko lagunak batuta konforme ginen, eta orain 65 gazte dabiltza boleibolean. Ez genuen hain harrera ona espero. 

Klub bat aurrera eramateak lan handia eskatzen du, arlo askotan. Zein izan da erronkarik gatxena?
I.A.: Nire ustez, egiten den guztiaren erantzukizuna norberak duela da erronkarik gatxena edo zamarik astunena. Talde batean zeozer gertatzen bada gure erantzukizuna dela sentitzen dut. 
N.M.: Motxila horrek pisua du, baina guri beti gustatu izan zaigu gauzak antolatzea, eta gustura gabiltza. 

Eta zerk ematen dizue poztasunik handiena?
I.A.: Lehenengo eta behin, guri gustatzen zaigun kirola egiteko aukera dugula. Horrez gainera, aurten umeen entrenatzaileak izan gara eta "eskerrik asko gu entrenatzeagaitik" esaten diguten bakoitzean poz handia hartzen dugu.
N.M.: Guk sorturiko zerbaitek hainbeste gazteri boleibolean aritzeko aukera ematen diela sentitzea pozgarria da. Ahalegin guztiak merezi duela sentitzen dugu. 

Aurten boleibol liga jokatu duzue, lehenengoz. Zelako esperientzia izan da?
I.A.: Oso ona. Gure ligan multzo bi zeuden. Hasieran, lehenengo multzoan egon ginen, gu baino askoz ere esperientzia handiagoko taldeen kontra. Esperientzia falta gogoagaz estali dugu eta partidu lehiatuak jokatu ditugu. Ondoren, bigarren multzoan hirugarren geratu gara, lehenengo biekin berdinduta. 
N.M.: Asko ikasi dugu. Hobekuntza nabarmena egin dugula uste dugu.
I.A.: Klubeko entrenatzaileei asko zor diegu. Gure taldekoa Gorka Oiarzabal da. Sasoi batean, gizonen Sapuherri taldean aritu zen eta berari proposatu genion. Oso pozik gaude beragaz. Mutil kadeteen entrenatzailea ere Sapuherrin ibilitakoa da: Benjamin Legarra. Neska kadeteen entrenatzailea Iratxe Maiztegi da, hau ere boleibolean jokatzen ibilitakoa eta taldeko jokalari baten ama. 

Zuek ere ibili zarete umeen entrenatzaile. Zelakoa da irakasle izate hori?
N.M.: Hiru entrenatzaile hogei umegaz ibili gara. Pozik, baina batzuetan ez da erraza ordena ipintzea. Ez dira geldirik egoten!
I.A.: Ahotsik barik geratu gara baten baino gehiagotan (barrez). Baina azkenean kariño handia hartzen diezu. 

Boleibolean zer da ikasteko gatxena?
N.M.: Kirol konplikatua da. Pare bat urte behar dira teknika menperatzeko. Baloiari besoekin gura duzun norabidea ematea ez da batere erraza.
I.A.: Taldeko jokalarien arteko komunikazioa ere asko landu behar da, une oro baloiaren bila nor doan jakiteko. Gauzak oso argi izan behar dira. 

Hurrengo denboraldirako izen-ematea hasita dago. Interesatuta daudenek zer egin dezakete?
I.A.: 2010etik 2014ra arte jaiotako neska-mutikoen bila gabiltza; haur-kategoriatik kimu mailara artekoak. Interesatuek durangoboleifemeninoa@gmail.com helbide elektronikora edo Instagrameko gure kontura idatzi dezakete.
N.M: Domeka honetan, 11:00etatik 15:00etara, Sapuherri Eguna ospatuko dugu Maristak ikastetxean. Interesa duen edonor bertaratu daiteke. Lagun arteko partiduak, zozketak, Sapuherri Sariak eta luntx bat egongo da denentzat.
I.A.: Horrez gainera, ekainaren 22ko eguenean, 17:00etan, ate irekien jardunaldia egingo dugu Maristetan, 2010etik 2014ra bitartean jaiotako umeentzat. Probatu gura duten guztiak gonbidatuta daude. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!