Berbaro euskara elkarteak antolaturiko askotariko udalekuetan 300 umek parte hartuko dute aurten

Anboto 2023ko eka. 14a, 08:18

Udaleku ibiltarien ibilbidea aldatu egiten da urtero.

Amaitu da ikasturtea eta badatoz udalekuak. Urtea joan eta urtea etorri, Berbaro elkarteak antolatzen dituenak arrakastatsuak izaten dira eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Plazak beteta daude eta, guztira, 300 bat gaztetxok parte hartuko dute udaleku desberdinetan.  

Udaleku finkoetan aukera bi daude: Larraulen (Gipuzkoa) ekainaren 26tik uztailaren 5era egingo dutena LH3 eta LH4 mailetako gaztetxoentzat da, eta Mendigorrian (Nafarroa) uztailaren 13tik 24ra egingo dutena, LH5 eta LH6 mailetako ikasleentzat. 

Larraulen daudenekin hainbat irteera prestatu dute. Esaterako, Asteasuko igerilekura joango dira gorputza freskatzera, eta beste irteera batean Ekomuseoa bisitatuko dute. Larrauleko eta Aiztondo haraneko ondarea herriko baserrietatik berreskuratu ondoren, Ekomuseoak landa-munduko pieza etnografikoak ditu ikusgai: laiak, gurdiak, lanabesak, lapikoak, josteko makinak, argizaiolak… Herri ekimenetik sorturiko museoa da. 

Mendigorriara joatea hautatu dutenek herritik bost bat kilometrora dagoen Andion baserrian hartuko dute ostatu. Han ondotik erreka bat igarotzen da eta bertan piraguan ibiltzeko aprobetxatuko dute. Igerileku bat ere badute bertan. Noizerik noizera Mendigorriara joango dira hainbat ekintza egitera. 

Udaleku ibiltariak
Berbaroren beste eskaintza bat udaleku ibiltariak dira: Ibiltari txikia ekainaren 27an Etxarri Aranatzen hasi eta Gasteizen amaituko da uztailaren 8an. Bestalde, Ibiltari handian Bergaratik Donostiara joango dira, uztailaren 9tik 20ra. Ibilbide biek eskari handia izan dute eta zozketa bidez banatu dituzte plazak.

Udaleku ibiltariak xarma berezia du, egun bakoitza abentura bat delako eta toki asko ezagutzeko aukera ematen duelako. Ikastetxeetan edo tokian tokiko pilotalekuetan lo egin eta sorpresaz beteriko egunak izango dituzte aurretik. Ibiltari handian, esaterako, paintballean aritzeko aukera izango dute Lasarte inguruan, eta Hernaniko igerilekuetara ere joango dira. Udaleku txikietakoek ere hainbat ekintza egingo dute; bien arteko diferentzia da laburrean kilometro gutxiago egingo dutela etapa bakoitzean. 

Udan olgetan
Berbaroren udalekuekin gozatzeko ez dago zertan Durangaldetik irten. 4tik 10 urtera arteko umeek Durangon bertan ere izango dute aukera Udan Olgetan programagaz. Berbarok Intxaurrondon duen egoitzan batuko dira gaztetxoak, ekain amaieran eta uztailean. Jantokia Ibaizabal ikastolan izango dute. Kasu honetan ere ekimenez beteriko egitaraua izango dute egunero, eta astean behin irteera bat egingo dute Durangaldetik kanpora. 

Berbaroren udalekuetan parte hartuko duten gaztetxoen gurasoek dagoeneko badute ekimen hauen guztien berri. Izan ere, Berbaroko kideek batzar zabal bat egin zuten gurasoekin joan zen astean, xehetasun guztiak emateko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!