Joan zen zapatuan kluben arteko Lehenengo Mailako azken jardunaldia lehiatu zuten Valladoliden eta Bidezabalek mailari eustea lortu zuen. 25 urte bete dira maila nagusira igo zirenetik eta harrezkero hantxe daude. Lorpen handia da, zalantza barik.
Valladolideko jardunaldia gorebeheratsua izan zen eta ezusteko bat baino gehiago utzi zuen. Esaterako, Lleidak nahikoa zuen azken postua ekiditea mailari eusteko, baina azkenengo geratu zen. Taldeen arteko berdintasuna handia izan zela erakusten du emaitza horrek. Bidezabalek gogor ekin zion egunari. Adriana Abaituak 100 metrotan, Laura Riosek 5 kilometroko martxan, Julene Bouzok altura-jauzian eta Cristina Teixeirak pisu-jaurtiketan lortutako garaipenak hirugarren postuan kokatu zuten Durangoko kluba, baina egunak aurrera egin ahala aldeak estutu egin ziren eta azken txanpan hortzak estutu behar izan zituzten seigarren geratzeko.
Taldekako txapelketak amaituta, buruz burukoak hasiko dira laster. Aste bi barru 16 urtez azpiko Espainiako txapelketan parte hartuko dute Bidezabaleko atletek.